EiTB irrati-telebista publikoaren euskara planak ez diela langile guztiei euskara "maila altua" eskatuko adierazi du Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika sailburuak. Lanpostu bakoitzak profil bat izango du eta horren araberako maila eskatuko zaio langileari.
Cristina Uriartek nabarmendu du inoiz ez dutela adierazi lanpostu guztietarako maila altua eskatuko zenik.
Hedabideotako profesional guztiak elebidunak izatea babestu du sailburuak, erdarazko hedabideetan ari direnak barne. Horrek "pertsona euskaldunen normalizazioa eta orokortzea positiboki ikusteko" balioko duela eta "euskararen prestigio soziala indartzen" duela gaineratu du.
2013-2016 plan estrategikoa "prozesu luzea" izango dela onartu du, eta ez dela "bi egunetan" egingo.
Maneirori erantzunez
Gorka Maneiro (UPD) legebiltzarkidearen galdera bati erantzunez egin ditu adierazpenok Uriartek. Maneiroren hitzetan, euskara planak "gehiegikeria eta neurrigabekeria" asko biltzen ditu eta "EAJren obsesio linguistikoen begirada berri bat" da.
EiTBk euskararekiko duen konpromisoa lehentasuna izateaz gain eskaera legala ere badela eta plana ez dela kontu ideologikoa erantzun dio sailburuak.