argia.eus
INPRIMATU
EITBko irratietan greba deitu dute, “inposizioen” aurka eta lan baldintzak hobetzearen alde
  • Irailaren 14an eta 26an eta urriaren 19an iragarri dituzte protesta egunak. Salatu dute hamahiru urtean ez dietela hitzarmena berritu eta zuzendaritzak ez duela negoziaketa markoa errespetatu.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko irailaren 12a
Langileen baldintzak hobetzeko eta egiten duten lana aitortzeko eskatu dute, baita negoziaketa markoa errespetatzeko ere. (Argazkia: EITB)

Greba deitu dute EITBko irratietan, lan baldintzak hobetzeko eta zuzendaritzaren "inposaketak" salatzeko. Ostegunean izango da lehen greba eguna, Eusko Jaurlaritzan politika orokorreko osoko bilkura egingo den egun berean. Irailaren 26rako eta urriaren 19rako iragarri dituzte beste bi protesta egunak. Grebaren alde egin du langileen gehiengoak Donostian, Bilbon eta Gasteizen egindako asanbladetan.

EITB Media Irratiko Zentro-arteko batzordeak, ELA, LAB eta ESK sindikatuen ordezkaritzarekin, salatu du hamahiru urte daramatzatela lan hitzarmena berritu gabe, eta bitartean langileek haien zereginak eguneratu eta egokitu behar izan dituztela. Moldaketak "enpresaren beharren arabera" egin dituztela salatu dute, "negoziaketarik gabe eta ordainetan ezer jaso gabe". Besteak beste, txandak aldatu dizkiete, eta zereginak eta lan karga areagotu.

Duela hiru hilabete, EITB Media Irratiko Lan Batzordeak hautsitzat jo zituen hitzarmenaren gaineko negoziaketak. Izan ere, zuzendaritzak, "aldebakarrez", bere plataformako puntuetako bat "inposatu" du, lan poltsaren kontratazio baldintzak bertan behera utzita. Hala, lan baldintzak hobetzeko eta egiten duten lana aitortzeko eskatu dute, baita negoziaketa markoa errespetatzeko ere: "Inposizioez nazkatuta gaude".

Irudi eskubideen urraketa

Grebara jotzeko beste arrazoietako bat Radio Euskadiko Boulevard saioa ETB2n emititzen hastea da, hori egin ahal izateko langileen irudi eskubideak ez dituztelako aitortu. "Horren kontrako jarrera irmoa erakutsi dugu behin eta berriro, eta zuzendaritza jakinaren gainean zegoen". Esaterako, Gaztea irratiko langileek uko egin zioten irudi bidezko irratiaren proiektuari, horren gaineko negoziaziorik egon ezean.

Batzordearen arabera, gertaera horiek guztiek egoerak gain hartzea eragin du, eta "urte askotako lana pikutara bidali" dute.