EITBko Euskara Batzordeak gaitzespena adierazi du azken hilabeteetan egindako zuzendaritza postuetarako hautaketa prozesuak direla eta. Salatu dutenez, euskarazko C1 maila ez duten hiru pertsona hautatu dituzte postu garrantzitsuetarako: EITB Mediaren zuzendaritzarako, Social Media zein Eitb.eus-eko zuzendaritzarako, eta zuzendaritza komertzialerako.
Euskara Batzordeak egoera kritikatu du, eta EITBren euskara planean ezarritako helburuak “zapuztu” egin direla esan du. Halaber, ohartarazi du euskaraz ez dakiten zuzendariek gaztelania ezartzen dutela harreman eta kudeaketa prozesuetan, eta gaineratu du, euskara “baztertzearen eta gutxiestearen” irudia zabaltzen ari dela EITB.
Batzordeak gogorarazi du EITBko zuzendaritzarekin eta langileen ordezkariekin adostutako 2023-2027ko euskara planak helburu argiak ezarri zituela. Horietako bat zen EITB barruan euskararen erabilera sustatzea eta euskararen aldeko jarrera sendoa gizartean zabaltzea. Salatu du zuzendaritzak ez dituela betetzen planaren oinarriak, eta horrek eragin negatiboa duela EITBren irudian.
EITBn “atzerapausoak” eman eta hizkuntzaren eskakizunak lausotu egin dira, batzordearen esanetan. Azaldu du atera berri diren deialdietan ez dela eskatu euskarazko C1 maila, aitzitik, euskara, gaztelania eta ingelesa menperatzea izan da ezarritako baldintza. Ez da, ordea, euskara mailaren eskakizuna alde batera uzten duten lehen aldia. Izan ere, abenduan izendatu zuten Eitb.eus-eko zuzendari Nagore de los Rios C1 titulaziorik gabe.
EITBko, ETBko, Radio Vitoriako, Radio Euskadiko, Euskadi Irratiko, Gazteako eta EITB.Net-eko langile batzordeek eta erredakzio kontseiluek bat egin dute Euskara Batzordearen salaketarekin. EITBren zuzendaritzari eskatu diote berriz azter ditzala azken hautaketa prozesuak eta euskarazko maila akademikoari dagokion betekizuna ezar dezala postu guztietan.
Aldekoa zuzendariaren erantzuna
Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak onartu du ez dagoela euskara eskakizunik zuzendaritza postu guztietarako, eta esan du profil profesionalak eta hizkuntza baldintzak orekatu behar direla. Hala ere, adierazi du ahalegintzen direla euskaldunak izendatzen, baina beti ez dela posible. "Gu saiatzen gara euskaldunak lortzen zuzendaritzarako, baina beti ezin da", esan du Aldekoak.