argia.eus
INPRIMATU
Lanpostuen murrizketak aurrera jarraituko du EITBn, Maite Iturbek ere bai
  • EITBko Administrazio Kontseiluak ez du onartu Maite Iturbe taldeko zuzendari nagusiaren dimisio eskaera. Eusko Irratiko Enplegu Erregulazio Espedientea bertan behera uztea ere ez.

ARGIA @argia 2015eko otsailaren 24a
Eusko Irratiko langileek protesta ugari egin dute EITBren EEEaren aurka. (Arg.: EITB). Eusko Irratiko langileek protesta ugari egin dute EITBren EEEaren aurka. (Arg.: EITB).

Astearte arratsaldean egindako EITBren Administrazio Kontseiluan jorratu ziren Maite Iturberen dimisio eskaera eta EEEaren erretiratzea, baina bietan ez da gehiengo nahikorik lortu eskaerak aurrera ateratzeko. PSEk eskatu zuen Iturberen dimisioa eta PPk eta Kontsumitzaileen Elkarteko ordezkariek sostengatu zuten –6 boto–, baina ez ziren nahikoak izan EAJ, Euskaltzaindia eta Eusko Ikaskuntzaren 8 botoen aurrean. EH Bilduk ez zuen parte hartu bozketan eta LABeko ordezkaria abstenitu egin zen. Ondorioz, Maitu Iturbek zuzendari nagusi jarraituko du EITBn.

EEEaren kasuan, PSEk, PPK eta Kontsumitzaileen elkarteko ordezkariek bat egin zuten berau erretiratzearekin eta EAJk, Maite Iturbek eta Eusko Ikaskuntzako ordezkariak aurka. LAB eta Euskaltzaindia abstenitu egin ziren, eta EH Bilduk ez zuen bozketan parte hartu. Hori deigarri egin zen, iragan otsailaren 5ean Eusko Legebiltzarrak Maite Iturberen dimisioa eskatu zuelako EH Bildu, PSE, PP eta UPyDren botoekin. EH Bilduk 2014ko apirileko lanpostuen eskaintza publikoa bere horretan mantendu eta EEEa erretiratzeko eskatu zuen, baina bakarrik LABeko ordezkariaren sostengua lortu zuen.

EEEa bertan behera utzi dadila eskatuz, Eusko Irratiko langileek egun osoko greba egin zuten asteartean eta baita mobilizazio ugari ere. LABek izan ezik, EITBko langile batzordeko gainerako sindikatuek deitu zuten greba, ELA, ESK eta CCOOk. Azken hauek egindako balorazioan grebak erabateko arrakasta izan zuen.

Arazoaren muina 2014ko apirilaren 29tik dator, orduan EITBko Administrazio Kontseiluak 49 pertsonarentzako enplegu lehiaketa publikoa ireki zuen, guztiak Eusko Irratirako. EAJ (6), EH Bildu (4), LAB (1), Euskaltzaindia (1) eta Eusko Ikaskuntzako (1) ordezkarien adostasunez hartu zen erabakia.

Helburu nagusietakoa litzateke, besteak beste, Eusko Irratiko kazetariak bertako irrati guztietan aritu ahal izatea euskaraz eta erdaraz. EITBko langile batzordeko beste hiru sindikatuek gogor kritikatu zuten erabakia (hemen ELAren erantzuna, esate baterako, edota ESKrena), haien ustez plan honen atzean lanpostu murrizketa kamuflatzen zelako.

Enplegu deialdiaren ezaugarri nagusietakoa izan zen, deialdira aurkezteko lehen aldiz C2 maila eskatzen zela eta horrek eztabaida handia ekarri zuen sindikatu eta alderdien artean, besteak beste Eusko Irratian finko izan gabe mugagabeko lanpostua zuten askok ezin izango zutelako eskakizun hori gainditu.

Eskaintza publiko honekin batera, EITBk 79 lanposturi eragiten zien EEEa jarri zuen abian. EITBko langile batzordeak salatu zuen 49 lanpostuko sortuko zirela eta 79 desegin, beraz, 30 galduko zirela.

LABek defendatu zuen galdutako 30 lanpostu horiek lan poltsaren bidez berreskuratuko zirela geroago. Harrez gero, ELAk, ESK-k eta CCOOk deituta, Eusko Irratiko langileek hainbat greba deialdi egin dute, besteak beste, 2014ko ekainaren 12an, azaroan astebetekoa eta 2015eko otsailaren 24ko hau.