argia.eus
INPRIMATU
EITBk seinale digitala jarriko du Nafarroan, UPNk “ilegala” dela esan arren
  • Iruñerrian EITB lurreko telebista digitalaren (LTD) bidez sintoniza daiteke jada, kateak sarea digitalizatu ostean. UPNk dio kate publikoa LTDn sartzea “legez kanpoko okupazioa” dela.

Saioa Alkaiza Guallar @SaioaAlkaiza 2013ko abenduaren 12a
EITBren egoitzeko bat. (Arg: EITB)

Nafarroako Parlamentuak azaroaren 25ean eskatu zion EITBri seinalea era analogikoan ez ezik, LTDn emititzeko. Geroa Baik sustatu zuen eskaera, eta Bilduk, Aralarrek, PSNk eta Izquierda-Ezkerrak babestu zuten.

Orduan, UPN eta PP, baina, kexu azaldu eta abstenitu egin ziren. Orain ere, kontra egin diote katearen zabalpenari. Diotenez, ikus-entzunezko araudia urratu dezake EITBren asmoak. Frekuentzia “okupatu” egingo lukeela uste du alderdiak, eta hori “oso larria” dela. Horregatik, Espainiako Gobernuari egitasmoaren berri eman dio, hark “legezkotasuna ezartzeko behar diren neurriak hartzeko”.

EITBk argitu duenez, Nafarroako Parlamentuaren ekinez ari da seinalea berritzen. Ohar baten bidez jakinarazi du jada taldeko lau telebista kanalak –ETB1, ETB2, ETB3 eta ETBK Sat– ikusgai eta bost irrati kateak –Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Euskadi Gaztea, Radio Vitoria eta EITB musika– entzungai daudela.

Neurriak Nafarroako biztanleen %50 ingururi eragin dio, hain zuzen ere Iruñerriko herritarrei. Aurrerantzean, digitalizazioa herrialde osora zabaltzeko nahia duela azaldu du kateak.

Ikusleek telebista birsintonizatu behar dute hedabidearen seinalea jasotzeko.

Iparraldean, bertako albistegi baten defentsan

Sinadura bilketa hasi du Goazen aitzina elkarteak Ipar Euskal Herriak bertako errealitatea islatzen duen albistegia izateko. Irailaren 20an kendu zuen EITBk Iparraldearen orena saioa, 21 urteko emisioen ondoren. Momentu horretan, Ipar Euskal Herriko gertakarien berri Euskal Herria zuzenean saioan emango zuela ziurtatu zuen.

Goazen Aitzina elkarteko Xipri Arbelbidek, ordea, argi dauka kateak ez duela hitza bete: "Batzuetan badira Iparraldeko berriak, besteetan bakarra, eta beste askotan bat bera ere ez". Iparraldeak katearen “beharra” duela azpimarratu du, eta euskara egoera “larrian” dagoela. Horregatik, galdera erretorikoa utzi du airean: “Zer dira 10 minutu EITBrentzat?”