argia.eus
INPRIMATU
EiTBk ostegunean etengo du Nafarroako emisioa, Espainiako Gobernuaren agindua betez
  • Espainiako Gobernuak duela bi aste agindu zion Euskal Irrati Telebistari Nafarroako telebista emisioa eteteko, aurreko legealdian –UPN gobernuan zela– aurkezturiko helegite bati jarraiki; agindua bete ezean, “ekipoen eta instalazioen zilegitzea” eskatuko zukeen Madrilek. Ostegunean Nafarroan telebista emisioa etengo duela iragarri du EiTBk.

Iker OƱate Aiastui @iker_onate 2016ko maiatzaren 04a
Ministerioaren aginduak Nafarroako herritarrak kaltetuko dituela uste du EiTBk. (Arg: Patxi Cascante)

Emisioak “berehala” eten ezean, izan ditzaketen "ondorioek” bultzatuta hartu dute erabakia. EiTBko Zuzendaritza Nagusiaren aburuz, “Ministerioak hartutako erabaki horrek esparru erradioelektrikoaren okupazio baketsuaren oinarria hautsi du, hogei urte baino gehiagoren ostean, eta ETBk Nafarroan emititzeko hartutako erabakiak gidatu eta gero".

EiTBk iritzi du Ministerioaren aginduak Nafarroako herritarrak “kaltetuko” dituela, “ez baitituzte ETBren kanalak jasoko”. Azaldu du aginduak “oinarrizko eskubideen esparruan” ere izango duela eraginik. Era berean, deitoratu du Nafarroan eta beste autonomia erkidegoetan antzeko egoerak gertatu arren, agindua soilik EiTBri igorri izana.

Nafarroako Gobernuarekin lan egiteko prestutasuna

EiTBk Nafarroako Gobernuarekin “estu” lan egiteko prestutasuna azaldu du, seinalearen digitalizazioari araudiaren araberako “behin betiko konponbidea” emateko, eta gogorarazi du beti jardun izan duela “Nafarroako gizartearen eskakizunei erantzuna” emateko asmoz.