argia.eus
INPRIMATU
EiTBk Laudioko ekoizle baten agerpena zentsuratu du ‘Altsasukoak aske’ lelodun kamiseta janzteagatik
  • Laudioko tokiko ekoizlea ETB-2ko saio batean agertu behar zen, baina "Altsasukoak aske, muntaia polizialik ez" leloa jasotzen zuen kamiseta eraman zuen grabaketara eta, azkenean, ez zuten bere adierazpenik jaso.

Aiaraldea @aiaraldea 2018ko ekainaren 27a
Juan Angel Lekanda, zentsuratua izan den laudioko ekoizlea (Argazkia: Aiaraldea.eus)

Pasa den astean Juan Angel Lekanda Laudioko tokiko ekoizleak hitzordua zuen ETB-2ko saio famatu batekin. "Ez dut bere izena esan nahi, ekoizpen etxekoek ez dutelako errurik, EITBko zuzendaritzaren erabakia izan baitzen", azaldu du.

Astean zehar igortzen da saioa eta gastronomiari lotuta dago, hori bai. Laudioarra bere jarduerari buruz mintzatu behar zen. Egun horretan Altsasuko auzipetuen aldeko leloa zuen kamiseta janztea erabaki zuen Lekandak, eta ekoizpen etxeko langileek jakinarazi zioten EITBk ez ziela baimentzen horrelakorik jasotzea.

Tokiko ekoizleak, bere aldetik, erantzun zuen ez zuela kentzeko asmorik. Azkenean, ekoizpen etxeko kideak EITBrekin jarri ziren harremanetan eta erakunde publikoak erabaki zuen Juan Angel Lekandaren grabaketa ez egitea.

Laudioarrak zentsuratzat jo du gertatutakoa: "ulertuko nuke gorrotozko mezua zabalduko balu nire arropak -xenofoboa, adibidez-, baina kamisetak euskal gizarteko zati handi batek salatzen duena besterik ez du adierazten".

Aiaraldea.eus harremanetan jarri da EITBrekin bere bertsioa plazaratzeko baina, momentuz, ez du erantzunik izan.

Albiste hau Aiaraldeak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.