argia.eus
INPRIMATU
Nazioarteko argitaletxeek EITB kritikatu dute, Iñaki Egañaren liburuaren iragarkia zentsuratu izanagatik
  • Editore Independenteen Nazioarteko Aliantzak “kezka handiz” hartu du EITBk Iñaki Egañaren El desarme, la via vasca liburuaren iragarkia zentsuratu izana. Ohar baten bidez nabarmendu dute zentsura medio publiko batean egin izanak areagotu egiten duela larritasuna.

ARGIA @argia 2018ko martxoaren 07a

“Indar biziz arbuiatzen dugu Txalaparta argitaletxeak eta Gara eta Mediabask enpresa editoreek jasan duten adierazpen askatasunaren aurkako erasoa”, adierazi du elkarteak.

550 argitaletxe independente biltzen ditu taldeak eta “zentsura ekintza nabarmena” dela adierazi du. “Gure elkartasun sendoena adierazten diogu editorial bati, zeinaren lana, zalantzarik gabe, ekarpen inportantea den bibliodibertsitatearentzat”, irakur daiteke oharrean.

Gainera, EITBk hartutako neurria testuinguru zabalagoan kokatu dute: adierazpen askatasuna bizitzen ari den murrizketa prozesu orokorraren barruan kokatu dute Egañaren liburuaren iragarkia ez emititzeko erabakia.