argia.eus
INPRIMATU
EiTBk ez du emititu Espainiako gerra zikinari buruzko dokumentala, iragarrita zuen arren
  • Las cloacas de Interior dokumentala asteazken gauean eskaini behar zuen, TV3 eta IB3-rekin batera, baina euskal kate publikoak entretenimendu programa bat jarri zuen azkenean.

ARGIA @argia 2017ko uztailaren 13a

Espainiako Barne ministerioak Poliziaz egiten duen erabilera politikoaren inguruko dokumentala osatu du Jaume Roures zuzendari katalanak, Mediaprok ekoitzia. Kataluniako mugimendu independentistaren eta politikarien kontra Jorge Fernández Díazek zuzenduriko ministerioak egindako azpikeriak ditu abiapuntu.

TVEk zentsuratutako irudiekin eta postu garrantzitsuak izan dituzten polizien testigantzekin osaturik, joan den ekainaren 28an estreinatu zuten Bartzelonako Aribau zineman, zuzendariaren beraren eta Jordi Evole aurkezlearen eskutik. Horren ondotik, EiTB, TV3 eta IB3k ikus-entzunezkoa euren kateetan eskainiko zutela iragarri zuten, uztailaren 12an, asteazkenarekin.

“ETB2k asteazken gauean emitituko du Barne ministerioko praktika txarrak azaleratu dituen Jaume Roures zuzendariaren Las cloacas de Interior dokumentala”, iragarri zuen telebista publikoak bere webgunean.

Baina horren ordez, entretenimendu programa bat jarri zuen Maite Iturbek zuzendutako telebistak, zehazki La imagen de mi vida saioa. Ikusle batek Twitterrez harridura adierazi zuenean, "azken momentuko aldaketa" egon zela azaldu zuen kateak bere kontu ofizialaren bidez:

 

PP eta EAJren “erlazio pribilegiatua” atzean

EH Bilduk azalpenak eskatu dizkio EiTBri, uztaialren 7tik iragarrita izan ondoren inongo azalpenik eman gabe kendu baitzuen programaziotik dokumentala. “PPren presio politikoak bakarrik azaldu dezake ETBren iritzi aldaketa, horrek eta une honetan EAJk PPrekin duen harreman pribilegiatuak, hain zuzen”, esan du Unai Urruzuno legebiltzarkideak.

Urruzunok azaldu duenez dokumentala telebista kate espainiarretan zentsuraturik zuten, “larria eta onartezina litzateke EiTBk berdin jokatzea”.

 

Dokumentalaren trailerra: