argia.eus
INPRIMATU
EiTBk ez du bete emakumeen ikusgarritasunaz sinatutako konpromisoa
  • EiTBko tertulietan emakumeen presentzia neurtzen duen ikerketari buruzko txostena aurkeztu du EHUko Emakumeen Ikusgaitasuna Hedabideetan ikertaldeak. Datuak argiak dira: EiTB berdintasuna lortzetik urrun dago. Irratiko tertulietan, esaterako, emakumeen presentzia ez da heltzen heren batera ere, eta ohikoak dira emakumerik gabeko solasaldiak. Telebistan datuak zerbait hobeak badira ere, ez dira inondik inora pozik egotekoak: parte hartzen duten tertuliakideen %35,5 baino ez dira emakumezkoak. Emakumeek gidatutako euskarazko saioek dituzte datu positiboenak.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2017ko abenduaren 19a
Sei parte hartzailetik bakarra da emakumezkoa

Eusko Legebiltzarrean inoizko parekidetasun handiena dagoen legealdian (legeak behartuta), emakumeen presentzia inoizko urriena du politika gaiak ardatz dituen Parlamento en las Ondas irratsaioan. “Alderdi politikoek gizonezkoak bidaltzen dituzte eta beraien erantzukizuna ere bada egoera iraultzea” jasotzen du txostenak. Boulevard saioak, aldiz, bikoiztu egin du elkarrizketetan parte hartzen duten emakumeen kopurua urtebetean. Hala ere, emakumeen presentzia gizonen herena baino txikiagoa izan da ia kate publikoko tertulia guztietan: Faktoria-n %30 , Boulevard-n %29  eta Ganbara-n %27.

Telebistako datuak hobeagoak dira, baina tertuliek “oso maskulinoak” izaten jarraitzen dutela nabarmentzen du txostenak. Gainera, testigantzetan bildu dutenez, tertulietan emakume parte hartzaileak deseroso sentitzerainoko giroa sortzen da, tonua erasotzailea baita. 2017/18 denboraldiko lehen hiru hilabeteetan (iraila, urria, azaroa ) orotara 166 pertsona pasa direla zazpi tertulia programetatik, horietatik 59 izan dira emakumezkoak (%35,5). Esan beharra dago, hainbat kasutan emakume bera ibiltzen dela tertuliaz- tertuliaz.

Euskarazko saioetan nabari da parekidetasuna lantzen ari direla: datuei erreparatuta, Ilaski Serranok eta Amaia Cayerok gidatzen duten Ahoz Aho saioa da berdintasuna lortzetik gertuen dagoena. Pasa den azaroan parte hartzaileen %49,16 emakumezkoa izan zen. Ahoz Aho+ saioa arratsaldez grabatzeak ere emakumeen ikusgarritasunari mesede egiten dio, izan ere, kontziliazioa eta zaintza lanak direla eta, gehienbat emakumeei zaila egingo litzaieke gaueko zuzeneko saioan parte hartzea: azaroko saioei dagokienez, %45,83tan emakumeek hartu zuten hitza. Dena dela, datuak aldakorrak dira hilabetearen arabera.

Txanponaren beste aldea ETB2ko Klaudio Landaren saioa da. Bere izena daraman programan sei gonbidatu bildu ohi dira eztabaida-mahaian; bost gizonezkoak izaten dira eta bakarra emakumezkoa. Tonuari dagokionez, irainak, oihuak eta elkarri txandak kentzea eguneroko gertakariak dira eta hainbat parte hartzaile “gaizki tratatuak” sentitu izan direla jaso du txostenak.

Ondorio nagusietakoa da EiTBk Emakunderen Begira egitasmoaren aholkuak ez dituela betetzen. Hau da, proiektuaren helburu nagusiak ez dituela aintzat hartzen: hala nola, eduki mediatikoek emakumea gaizki ez tratatzea, ez umiliatzea edo mendekotzat ez aurkeztea.