EITBn erdara hutsean ordezkarien adierazpenak eta informazioa eskaintzeagatik herritarren kexak ugaltzen ari direla salatu du Hizkuntz Eskubideen Behatokiak. EiTBren erantzuna, ohikoa izan da horrelako kasuetan, neurriak iragarri ditu, baina ezer zehaztu gabe.
Alarma egoera ezarri zutenetik, euskaldunen hizkuntza eta informazio eskubideak, hainbatetan urratu direla salatu du Behatokiak ostiralean zabalduko oharrean. Behatokiak jaso dituen herritarren kexak "nabarmen" egin dutela gora adierazi dute, eta "bereziki EITBri lotutakoak".
Behatokiak jasotako kexetako bat: “ETB 1eko 'Gaur Egun'-en, azkeneko aste hauetan bezalaxe, elkarrizketatuen adierazpenak gaztelaniaz entzun behar. Euskaraz informatu eta bizi nahi dugulako ikusten dugu 'Gaur Egun' eta EITBk gaztelania sartzen digu. Zergatik jokabide hori?”
EITBri dagokionez errepikatu den salaketa honakoa dela azpimarratu dute: askotan Osakidetzako eta Jaurlaritzako ordezkarien adierazpenak erdara hutsean izatea ETB1en, azpititulurik gabe eta gehienetan luze. Eta gainera, euskarazko adierazpenak sartzerakoan, laburrak izanagatik ere, euskara maila kaskarrean izaten dira. Halaber, Euskadi Irratian ere gazteleraren erabilera handitu dela kexu dira hainbat herritar.
Zehaztu gabeko neurrien zain
EITBren helburu eta betebeharra "euskararen normalizazioa bultzatzea, eta herritarren informatzeko eskubidea bermatzea" denez, gutuna igorri dio Behatokiak EITBri azalpen eske. Erantzunean, EiTBk, agintariengan jarri du fokua, kasu horietan "informazioa gaztelaniaz eskaini dutelako". Informazio osoa euskaraz eskaintzeko "ahaleginak" egiten dituela erantzun dute EITBtik, baina osasun krisialdi honetan lidergoa duten agintariak "direnak direla", eta euren hitzak bitartekaritzarik gabe eskaintzea ezinbestekoa delako, eskaini dutela informazio erdara hutsean, diote. Neurriak hartuko dituztela adierazi dute, baina neurri horiek zeintzuk diren zehaztu gabe.
Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak EiTBri gogorarazi dio hedabide publikoari ere badagokiola euskarazko adierazpenak aktiboki eskatzea eta adierazpenak gazteleraz direnean ere, tratamendu egokia ziurtatzea, hizkuntza eskubideak alboratu gabe.