argia.eus
INPRIMATU
EITB Nafarroan ikusteko auzitegietara joko du EAk
Saioa Alkaiza Guallar @SaioaAlkaiza 2013ko abenduaren 24a
Maiorga Ramirez eta Pello Urizar, prentsaurrekoan. (Arg: EA)

Lantaldea osatu dute EAJk eta UPNk digitalizazioaren afera konpontzeko. EA ez da neurriarekin fio. Lantaldea “iraina” da gizartearentzat, haren ustetan. Izan ere, erregionalistek akordiorako “inolako borondaterik” ez dutela deritzo.

Jeltzaleak, ausardiarik gabe

Koldar jokatu du EAJk Nafarroan ETBren harira sortutako gatazkan. Hala uste du EAk, eta “ausardia falta” izatea leporatu dio: “Jendarteari iruzur egin dio”. Gainera, Barcinaren lantaldearen jarrera “antidemokratikoa” hauspotzea aurpegiratu dio Urkulluren Gobernuari.

Horregatik, epai baten bidez baino ezin da konpondu auzia, Pello Urizar EAko idazkari nagusiaren ustetan. Epaile batek arrazoia emango dielakoan dago. Dioenez, Europako Hizkuntz Gutxituen Kartak eta Ikusentzunezko Komunikazioaren Lege Orokorrak babesten du EITBk Nafarroan emitizea.