argia.eus
INPRIMATU
EITB mediako langileek Pablo Gonzálezen egoera larria salatu dute
  • EITB Mediako langileek ostegunean Pablo González kazetariak bizi duen egoerari ikusgarritasuna eman nahi izan diote, "euskal gizarteak ez dezan ahaztu sufritzen ari den bidegabekeria larria", ELAk zabaldu duenez.

ARGIA @argia 2023ko irailaren 29a

EITB Mediak Bilbon duen egoitzaren aurrean ellkarretaratzea egin dute langileek, familia eta lagunei elkartasuna eta babesa adierazteko. Irailaren 28an 19 hilabete bete dira Poloniako espetxe batean behin-behinean espetxeratuta dutela kazetaria, isolamenduan eta epaiketarik egin gabe. ELA sindikatuak azpimarratu duenez, Europan horrelako gertakizun batek guztiz zalantzan jartzen ditu giza eskubideak eta prentsa askatasuna. 

EiTB Mediako langileek kazetariari egindako bidegabekeria publikoki salatzen jarraitzeko konpromisoa hartu dute. Era berean, Pablo Gonzalezen eskubideak errespetatu daitezela eta prentsa askatasunaren urraketak amaizea eskatu dute.