argia.eus
INPRIMATU
Eider Rodriguezen ‘Bihotz handiegia’-k irabazi du Euskadi Saria
  • Eider Rodriguezen Bihotz handiegia ipuin-liburuak irabazi du Eusko Jaurlaritzak ematen duen Euskadi Saria. Asier Serrano buru izan duen epaimahaiak nabarmendu du liburuak nola aztertzen duen "pertsonaia arrunt eta konplexuen izaera eta horien barne-mundua".

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2018ko urriaren 01
Eider Rodriguezek irabazi du Euskadi Saria (argazkia: Batiste Ezeiza).

Bihotz handiegia-k lortzen duen bigarren saria da astelehen honetan ezagutzera eman den hau, lehenago, Liburuaren Egunean, Gipuzkoako Liburu-denden Elkarteak ematen duen Zilarrezko Euskadi Saria ere eskuratu zuen Rodriguezek.

Sei ipuinez osatutako liburua 2017. urtearen amaieran argitaratu zen Susa editorialaren eskutik (Gorka Arresek argitaletxe horretan editatutako azken liburuetako bat izan zen) eta irakurleen arreta deitu zuen, Rodriguezen kontakizunetan erakusten diren egoerak ezagunak bezain deserosoak gerta daitezkeelako askorentzat.

"Ez zait iruditzen liburuko pertsonaiak ez-ohikoak direnik: denak bezain arraro eta sinple dira. Baina, agian, momentu txar edo ez-ohiko batean harrapatu ditut", esplikatu zion Lander Arretxeari, liburua dela-eta ARGIAri eskainitako elkarrizketan.

Donostian, Hendaian, Oreretan... benetako lekuetan gertatzen dira Bihotz handiegia-ko istorioak eta hori ere idazlearen erabaki kontzientea izan da: "Iruditzen zait egon dela euskal literaturan ihes egiteko joera bat: gureak bezalako izen-abizenak dituzten pertsonengandik, gu bezalako jendea bizi den herrietatik… Vancouverreko Alice, auskalo nongo Jack… Gure izenekin, gure herrietan, gureak bezalako problemak dituzten pertsonen berri eman nahi izan dut nik. Errealismo horrek asko erakartzen nau: gure miseriak beste zerbaitetan bilakatzeko aukera horrek plazera ematen dit".

Santos Zunzunegi eta Yolanda Mosquera ere saritu dituzte

Euskarazko literaturari ematen zaion sariaz gain, Euskadi Sariek badituzte beste kategoria batzuk ere. Astelehen horietan horietako biren irabazleak ezagutu dira: gaztelaniazko saiakeraren atalean nabarmendu dute, Bajo el signo de la melancolía liburuarengatik. Zinemari buruzko testuengatik da ezaguna Zunzunegui eta hain gustukoa duen gaiari buruzkoa da saritutako liburua ere. Malenkoniaren kontzeptua munduko hainbat herrialdetako adierazpen zinematografikoetan nola agertzen den aztertu du idazle bilbotarrak.

Bestalde, Yolanda Roquek irabazi du ilustrazio alorreko Euskadi Saria, Guy de Maupassant idazle frantziarraren Roque txikia liburuaren gaztelaniazko edizio bati laguntzeko egin dituen irudiengatik.