argia.eus
INPRIMATU
Eibarren kirol-hiri berria Mallabian eraikiko da
  • Administrazio kontseiluak defendatu duen Areitioko aukera nabarmen gailendu zaio Azitaingoari (Eibar), akziodunen botoen bikoitza lortuta.

IƱigo Igartua @igartua19 2018ko urriaren 25
Areitio (Mallabia) gainean eraikiko den kirol-hiriaren proiektua. Argazkia: @SDEibar

2020. urtetik aurrera Eibar futbol taldearen kirol instalakuntzak Ipurua futbol zelaitik lau kilometrotara dagoen Bizkaiko Mallabia herrian kokatuko dira.

Azken asteetan herrian eztabaida sortu duen gaia izanik, Amaia Gorostiza presidenteak adierazi du eibartar bezala Eibarren egitea nahiago zutela, baina klubaren intereserako aukerarik onena ez dela.

81.309 metro karratuk osatuko duten kirol-hiri berriak lau futbol zelai izango ditu; bi belar naturalekoak eta beste bi belar artifizialekoak. Etorkizunean beharrik izanez gero, bosgarren zelai bat eraikitzeko aukera ere izango litzateke.

Aurreikuspenen arabera, lanek 20 hilabeteko luzapena eta 16 milioi euroko kostua izango dute, Eibarrek inoiz egin duen inbertsiorik handiena. Kirol-hiria azken urteetako aurrezkiekin ordainduko dela eta zorpetzeko arriskurik ez dagoela azpimarratu dute klubetik.

Instalakuntza berriekin urtean 300.000 euroko irabaziak izatea espero du administrazio kontseiluak.

“Inflexio puntua”

Eibarrek historian lehendabizikoz jabetzan izango ditu kirol instalakuntzak.

Amaia Gorostiza presidentearen hitzetan “Eibarrentzat egun historikoa da, behar-beharrezko ditugun instalakuntzak izango ditugu eta klubaren barnean inflexio puntu bat markatuko du”.

Eibarko herriaren sentimendua nagusiki kirol-hiria Bizkaiko lurretara eramatearen kontrakoa bada ere, administrazio kontseiluak denbora luzez jarraitu duen ametsa egi bihurtuko da.

Informazio gehiago

Proiektuaren bideoa (Mundo Deportivo)