argia.eus
INPRIMATU
Eibarko hainbat zaletuk Stefan Simic kanporatzeko eskatu dute, bere jarrera diskriminatzaileengatik
  • Zuzendaritzaren jarrera ere salatu dute, jokalariaren sare sozialak eta iritziak ezkutatzeagatik. Bestalde, Osasunako zaletuek ere polemika piztu dute: alde batetik, igandean Greenwood Getafeko jokalariaren aurkako oihuak egin zituzten (bikotekideari tratu txarrak egitea egozten diote); bestetik, salaketa jarri du fiskaltzak, zaletu batek abuztuan Unai Simon Athleticeko atezainari irain homofoboak egiteagatik.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko irailaren 20a
Stefan Simic jokalariaren jarrerak \"onartezinak\" direla adierazi dute zenbait zaletuk. (Argazkia: SD Eibar)

Eibar futbol taldeko hainbat zaletuk Stefan Simic jokalaria kanporatzeko eskatu diote klubari. Eskozia la Brava, Armagiñak 1940, Peña Alto Palancia Armera eta De Euskadi Kadi zaletuen taldeek adierazi dute "onartezinak" direla Simicek sare sozialetan plazaratutako iritziak. "Argi utzi nahi dugu jarrera arrazista, matxista edo homofoboek ez dutela tokirik gure gizartean, ezta gure taldean ere".

Klubaren zuzendaritzaren jokabidea ere salatu dute irakurketan, jokalariaren sare sozialak zein bere iritziak ezkutatu nahi izateagatik. Koherentziarekin jokatzea eskatu dute, "bateraezinak baitira homofobiaren aurkako kanpainetan koloredun besokoa jartzea, eta, aldi berean, jokalari homofoboak babestea".

Osasunako zaletuen oihuak, polemika-iturri

Osasunako zaletuek futbol zelaietan egindako zenbait oihuk ere harrabotsa sortu dute azkenaldian. Alde batetik, pasa den asteburuan talde nafarrak Getaferen aurka jokatutako partidan, Mason Greenwood Getafeko jokalariaren aurkako oihuak egin zituzten zenbait zaletuk. Greenwood, Getafek fitxatu aurretik, Manchester United taldeko jokalaria zen, baina taldetik bota zuten bere bikotekideari tratu txarrak ematea leporatu ziotelako. Madrilgo Erkidegoko taldean harrera beroagoa izan du, ordea: Getaferen historian bere izena daramaten kamisetak saldu dira gehien, eta hori bi astean soilik.

Bestalde, abuztuaren 19an Osasunako zale batek Unai Simon Athleticeko atezainari irain homofoboak egin zizkion. Hala, Nafarroako Fiskaltzak salaketa jarri du, gorroto delitua izan daitekeelakoan. Simon iraindu zuen pertsona identifikatzeko eskatu dio fiskaltzak Espainiako Poliziari.