argia.eus
INPRIMATU
Eibarko emakume bat eta haren semea hil dituzte Madrilen, eta senarraren bila ari dira
  • Alcobendas herriko etxean aurkitu dituzte 45 urteko emakumearen eta 12 urteko semearen gorpuak, laban zauriekin. Senarraren bila ari da Espainiako Polizia, indarkeria matxistarekin lotuta dagoelakoan. Andrea Eibarkoa zen (Gipuzkoa).

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko maiatzaren 03a

Asteartean 10:50ean jaso zuten abisua larrialdi zerbitzuetan. Polizia eta medikuak etxebizitzara heldu zirenerako, hilda zeuden ama-semeak. Espainiako Poliziak jakinarazi duenez, hiltzaileak senide bati eman zion hilketaren berri eta hark eman zuen abisua larrialdi telefonoaren bitartez.  

Gizona ez zegoen etxean eta Poliziak hura bilatzeko operazioa jarri zuen martxan. Oraindik ez da haren arrastorik aurkitu. “Aurrekari larriak” zituela jakinarazi dute, baina ez genero indarkeriagatik.

Mugimendu feministak manifestazio deitu du larunbaterako, Alcobendasen, “terrorismo matxista” salatzeko. Neurri zorrotzagoak eskatuko dizkiete erakundeei, martxoan genero indarkeriari lotutako beste hilketa bat egon zelako. Alcobendasko Udalak bi dolu egun ezarri ditu eta elkarretaratzea deitu du asteazken eguerdirako. Eibarko Udalak asteazken goizean erabakiko du zer egin hilketa salatzeko. Emakundek ez du aktibatu hilketa matxistetako protokoloa, emakumea ez zelako Euskal Herrian bizi, baina protestara batuko dela jakinarazi du.

Urteko 22. hilketa matxista da Espainiako Estatuan, eta biktima euskal herritarra den hirugarrena. Adingabeari dagokionez, 2017ko laugarrena da.