argia.eus
INPRIMATU
‘Eibar-Israel’ peña dagoelako debekatu zuen Ertzaintzak Palestinako bandera Ipuruan, Erkorekak azaldu duenez
  • Eibar futbol taldearen zaletuen artean Eibar-Israel izeneko peña dago eta, hortaz, Palestinako ikurraren presentziak “segurtasun arazoak” sortu zitzakeen. Hori dela eta, Ertzaintzak “egokitzat” jo zuen ikurra kendu araztea Eibar eta Huesca arteko partidan. Hori da Josu Erkoreka Segurtasun sailburu eta lehendakariordeak Julen Arzuaga legebiltzarkideari auziaren inguruan eman dion erantzuna. Peñak kluba zoriondu zuen urrian, Palestinako ikurra debekatzeko erabakiagatik.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2024ko urtarrilaren 02a
Ertzaintzak zaletua kanporatu zuen unea.

Urriaren 15ean Palestinako ikurra zeraman zaletua estadiotik kanporatu eta isunarekin mehatxatu zuen Ertzaintzak, klubaren babesarekin. EH Bilduko legebiltzarkide Julen Arzuagak Josu Erkoreka Segurtasun sailburuari galdera zuzendu zion, ea uste duen “Palestinako bandera erakustea” den “ilegala” edo “jazarpen helburua”.

Sare sozialetan zabaldu du Arzuagak Erkorekaren erantzuna: “Kasu zehatz horretan egokitzat jo zen bandera kentzea, Eibarko Kirol Elkarteak bere zaleen erregistro-liburuaren barruan “Peña Eibar Israel” izeneko kirol-lagunartea baitauka; eta beraz, bandera hori erakusteak eragin zezakeen futbol-partidan zehar segurtasun arazoak gertatzea”.

Zenbait erabiltzailek erantzun diote Arzuagaren txioari Erkoreka kritikatuz, esaterako: “Sionista baten argudioa, edo “Beraz ‘Rusia peña’ egongo balitz... Ukraniako banderak erakustea, debekatuta?”.

 

 

Urrian bertsioa beste bat izan zen

Erantzunaren egokitasun edo egokitasun ezaz haratago, urrian emandako azalpenak beste batzuk izan ziren. Klubak ziurtatu zuen Ligak barne-zirkular bat bidali ziela klubei ikurrak debekatu zitzaten. Segurtasun Sailetik azaldu zuten Eibarko segurtasun zerbitzuek eskatu zutela Ertzaintza bertaratzea, eta Kirolaren Legea aintzat hartuta zigor-akta bat ireki ziola kanporatu zuen zaleari.

Sionisten esker ona

Jon Torner kazetariak jaso zuen gisan, 2015ean sortutako Eibar-Israel peñak esker ona adierazi zion Eibar futbol klubari partida hartan hartutako jarreragatik: ““Zutaz harro gaude, Eibar. Errenkadan lortutako hogei garaipenek baino balio handiagoa du honek”, idatzi zuen peñak sare sozialetan.