argia.eus
INPRIMATU
Eibar futbol taldeak eredu izan nahi du euskararen erabileran
  • Mikel Larrañaga presidenteordeak esan duenez, lehen hitza euskaraz egiteko garaia iritsi da. Emun Aholkularitzarekin batera Euskara Plana aurkeztu du klubak.

ARGIA @argia 2017ko otsailaren 10a
Argazkian Olatz Olaso Emuneko zuzendaria eta Mikel LarraƱaga Eibarko presidenteordea Euskara Plana aurkezten. Argazkia: Emun.

Urte luzetan egin duen moduan euskararen erabilera normalizatzen eta euskara sustatzen jarraitu nahi du klubak. Horretara dator Euskara Plan berria. Larrañagak ondoko hitzak esan zituen prentsaurrekoan: “Euskararen erabileraren inguruko diagnostikoa sortzea eragin duen barne gogoeta egin du Klubak. Lehen hitza euskaraz egitearen konpromisoa hartu behar da. Gu geu euskara erabiltzearen eredu izan behar gara, besteek ere berdin egin dezaten. Beste erakundeekin batera bere erabilera zaintzen badugu, oso positiboa izango da”.

Olatz Olaso Emun Aholkularitzako kideak Eibarren egoera diagnostikatzen duten hiru puntuak identifikatu zituen. “Batetik, Eibarrek euskararen erabileran eta normalizazioan bide handia dauka egina; bigarrenik, bide horretan jarraitzeko aukera handiak ditu; eta azkenik, bide horretan jarraitzeko interes handia dauka”.

Duela urte batzuk Gaizka Garitano Eibarko entrenatzaileak futbol taldea euskararekin lotzea lortu zuen behin baino gehiagotan. Derion jaiotako jokalari ohi eta entrenatzaileak lehentasuna ematen zion euskarari eta tartean behin hala egitea aurpegiratu izan zioten. 2015ean adibidez, Almerian, EITBko kazetariak euskaraz egindako galderari euskaraz erantzun zion prentsaurrekoan eta kazetari batzuei ez zitzaien asko gustatu. Garitano gogaitzea lortu zuten eta prentsa aretotik alde egin zuen. Hedabideetan eta sare sozialetan asko zabaldu zen gertaera.