argia.eus
INPRIMATU
Osasunak bederatzi langile kaleratzeagatik, Eibar eta Bartzelonaren aurkako partidetan grebara deitu dute
  • Pasa den uztailaren 31an, Osasuna futbol taldeak jakinarazi zuen Sadar estadioko bederatzi langile kaleratuko zituela. Langile hauek, 'txapelgorriak', urte asko daramate lanean eta ELA sindikatuaren arabera, klubaren historiaren parte dira, jokalariak bezala.

ARGIA @argia 2019ko abuztuaren 05a
Sadar estadioa.

ELAk hiru ordezkaritik bi ditu, 38 langileren artean. Sindikatuak kaleratze hauek errepresalia hutsa direla salatu du, klubak egin duen hitzarmenerako azken proposamena ez sinatzeagatik. Honek zuzendaritzaren harrokeria argi uzten duela salatu du sindikatuak, eta langileak euren eskubideak defendatzeagatik kaleratu dituztela gehitu du.

Gauzak horrela, kaleratutako langileak ahalik eta azkarren berriz hartzea eskatu du ELAk, eta hori gertatzen ez bada, langileen batzarrak abuztuaren 24 eta 31ko partidetan grebara deituko duela erabaki du. Egun horietan Eibar eta Bartzelonaren aurka izango dira partidak Sadarren.

ELAk Osasunari elkarrizketa eta negoziazioaren bidea berreskuratzea eskatu dio, inoiz utzi behar ez zuen bidea haien ustetan, eta horretarako langileak berriro hartu beharko dituela argi utzi du. Amaitzeko, kaleratze hauek klubak saltzen dituen baloreen aurkakoak direla esan du sindikatuak.