Ekainaren 28, 29 eta 30ean egingo dute EHZ festibala, oraindik zehaztu ez duten herri batean. Antolaketa eta formatu berriak izango ditu. Biltzar nagusian babes zabala jaso du talde motoreak osaturiko proiektuak, eta antolakuntzan parte hartzeko deia egin diote nahi duen orori.
EHZ festibala berriturik etorriko da 2019an, eta, gaur Baionan zehaztu dutenez, egin egingo da festibala aurten: ekainaren 28, 29 eta 30erako prestatuko dute, oraindik zehaztu ez duten herri batean. Eskaintza politikoari pisu gehiago emango diote EHZ berrituan, eskaintza kultural alternatiboari eutsita. Eta antolaketa eredua horren araberakoa izango da: alde batetik antolatuko dituzte eskaintza kultural eta politikoa, eta beste alde batetik, berriz, logistika, komunikazioa eta administrazio lanak. Guztia bateratzeko koordinazio lantalde bat ere osatuko dute.
Baionako Zizpa gaztetxean egindako biltzar nagusian babes osoa eskaini diote proiektu berriari. Hain zuzen, gerturaturiko 53 lagunetatik 50ek eman diote aldeko botoa proposamenari. Ekarpen ugari jasotzeko tartea ere izan dute, nolanahi ere. Izan ere, oraindik zehaztu gabe daude festibalari buruzko xehetasun ugari, eta gaur jasotako ekarpenei esker ez ezik, datozen hilabeteetan egingo dituzten bilkuretan osatuko dute proiektua erabat. Parte hartzeko gonbidapena luzatu diete Euskal Herriko gazteei.
Albiste hau Topatuk argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.