Aurten ere egitarau anitza izango dutela aurreratu dute, "askotariko estilo eta unibertsoetatik datozen artistekin". Euskal Herriko kultur sorkuntzak erdigunean izanda, beste jatorri batzuetako eskaintza ere izango da. Proiektu berriei leku berezia eskaini nahi diete, eta 2022-2023 ikasturtean argitaratutako zenbait lan aurkeztuko dituzte.
Ekainaren 30etik uztailaren 2ra izango da aurtengo Euskal Herria Zuzenean festibala. 27. edizioa izango da, laugarren aldiz Irisarrin. Antolatzaileek programazioaren inguruko zenbait aurrerapen egin dituzte apirilaren 12ko prentsa oharrean. Izen berriak iragarri dituzte, baina baita ez hain berriak ere. Azpimarratu dutenez, "aniztasuna" izango da aurten ere festibalaren indargunea; bai estilo aldetik, baita lurraldetasunari dagokionez ere.
Willis Drummond talde baionarrak Hala ere lana aurkeztuko du. Bakiotik, AKats taldeak doinu elektrinikoak eramango ditu Irisarrira, eta Mandarinek rap doinuak Okzitaniako Tolosatik. Nazioarteko taldeak ere izango dira: punk eta funk kontzertua emango du Madmadmad Londresko taldeak, eta metala entzuteko aukera izango da Soulfly talde estatubatuar-brasildarraren eskutik.
Baieztapen gehiago ere egin dituzte. Ipar Euskal Herriko Habia folk hirukotea izango da Irisarriko plazan; Zumarragatik, Alarma Moreak runba musika ekarriko du; eta MICE taldea ere festibalean izango da Lautada izeneko beren azken lana aurkezten.
Martxoaren hasieran egin zuten programazioaren lehen iragarpena. Belako, Kolinga, Afrika Bibang, Ada Oda, Kristonak eta Muare taldeei gehituko zaizkie apirilaren 12an aipatutako taldeak. Musikaz gain, arte diziplina gehiagoz gozatzeko aukera ere izango da; Ertza dantza konpainiak Otempodiz (zuek erlojuak dituzue, guk denbora dugu) ikuskizuna eskainiko du. Antolatzaileek adierazi dute laster aterako dutela hitzaldi eta mahai-inguruen inguruko informazioa.
Lan militante bidez, aurrera
Antolatzaileek gogorarazi nahi izan dute ehundaka laguntzaile eta militantek egiten dutela EHZ posible, eta aurten ere 500 laguntzaileren beharra izango dutela. Hala, lanerako prest dauden bolondresek izena eman ahal izango dute ehz.eus webgunean, maiatzetik aurrera.
Hiru eguneko sarrerak salgai daude jada webgunean. Egunez eguneko sarrerak, berriz, maiatzaren 31tik aurrera erosi ahal izango dira.