argia.eus
INPRIMATU
EHZk kartela itxi du: Gorka Urbizu, Anari, Libe, Bananas, Raimundo el Canastero...
  • Hitzaldi eta mahai inguruen aurrerapena ere egin dute: Palestinaren egoera, Europako paktua eta immigrazio legea, laborarien mobilizazioa edota festibal eta musikagintza ereduaren eztabaida, besteren artean. Ekainaren 28an, 29an eta 30ean izanen da festibala, lehen aldiz Arberatzen. Hiru eguneko bonuak 60 euroan daude salgai. Laguntzaile izateko deia luzatu du antolakuntzak.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2024ko maiatzaren 07a
Irisarrin egin da festibala azken bost urteetan. Aurten Arberatzera lekualdatu dute. Argazkian, festibaleko irudi bat, 2020koa. (Dani Blanco / ARGIA CC BY SA)

Hirugarren eta azken aurrerapena eman du gaur goizean EHZ festibalak. Arberatzen (Nafarroa Beherea) egongo diren musikarien artean, nabarmentzekoak hauexek: Gorka Urbizu, Anari, Libe, Raimundo el Canastero, Bananas edota DJ Reimy. Aurreko bi aurrerapen karteletan ere izen handi eta interesgarriak jakinarazi zituzten: besteak beste, Belako, Su Ta Gar, Süne, Nakar, Pelax eta Octopussy.

Albistearen amaieran ikusgai taldeen zerrenda, egunka. Belaunaldi eta gustu guziei zuzendutako kalitatezko eskaintza egiten ahalegindu direla nabarmendu du antolakuntzak.

Aktualitateko erronkak, mintzagai

Musika jaialdia izateaz harago, EHZ bestelako elkargune bat da; gogoetarako eta eztabaidarako tartea eskaintzen du. Horregatik, aurtengo edizioan ere, aktualitateko hainbat gai eta gizartearen erronka mahai gainean jartzeko parada eskainiko dute.

Hizlariak, ordutegiak eta lekuak jakinarazi ez dituzten arren, hizketagai edo abiapuntuen berri eman dute maiatzaren 7an: Palestinaren egoera aztertzeko hitzaldia egongo da, baita Europako paktuaz eta immigrazio legeez ere, laborarien urte hastapeneko mobilizazioak ere izango dira hizketagai, festibal eta musikagintzaren ereduaren gogoeta, Ertzaintza eta teknologia berrien erabilpena, Marrazkiri erakusketa, euskararen iniziazioa eta abar.

Horrez gain, ohi moduan, haurrentzako txokoa ere prestatuko du EHZko antolakuntzak. Larunbatean eta igandean puzgarriak egongo dira, jokoak eta beste hainbat animazio ere bai.

Laguntzaile izateko deia

Urtero ehunka laguntzaile behar izaten ditu EHZ festibalak aurrera ateratzeko, eta horregatik, denen beharra dutela azpimarratu dute, ostatuan laguntzeko, zirkulazioan, janaria prestatzen, segurtasunean, brigada berdean... Eta, jakina, muntaketan ere bai. Ekainaren 19an hasiko da eta esku bat botatzera joaten den orori irekia egongo da.

EHZren webgunean izena emateko deia luzatu dute.

Prezioen zehaztapenak

Data gerturatzen eta programazioa ezagutarazten joan ahala, gora egiten dute prezioek. Hiru eguneko bonoak 60 euroan dira salgai gaur-gaurkoz, eta festibalean bertan 65 euroan egongo dira.

Egunez eguneko sarrerak ere eros daitezke dagoeneko. Ostiral eta larunbatekoak 25 euroan, eta igandekoa 19 euroan.

Autobusak Iparraldeko zenbait lekutatik

Atharratzetik, Baigorritik eta Baionatik, egunero joan-etorrirako autobusak antolatuko ditu EHZk. Bidai-txartel bakoitza 1,20 euroan erosi ahalko da eta ekainaren 3an ipiniko dituzte eskuragarri.

Festibalean lotarako lekua ere eskainiko da, dohainik, kanpalekuan zein aparkalekuan. Ehunka autorentzat aurreikusten dute lekua, baina aurten ez da egongo furgoneta aparkaleku berezirik, nahiz eta zehaztu duten gune lasai bat izanen dela lotarako.

PROGRAMAZIOA

Ostirala

Pentzea: Janus Lester, Sei Sega, Auhen, Pelax, Tshegue, Bananas, Belako, Benizze, Meule.

Plaza: Euskabaret, Broken Brothers Brass Band (festibala irekiko du Iruñerriko txarangak)

Larunbata

Pentzea: Libe, Karma, Haira, RTZ Kolektiboa, Gorka Urbizu, Harat, Su Ta Gar, Kimule, Lysistrata, Nakar, Süne, Ke Lepo, Vox Low.

Plaza: Afrikar dantza tailerra, bertso musikatuak, Seguime (Cie ZeC), Zabala, Otonaia, Gaitamik, Anari, Punttu Kakotx, Buuzbu.

Igandea

Pentzea: Octopussy, Rüdiger, Katoum, Vincen García, Ezezez, Bloñ, Ü, Old School Funky Family.

Plaza: Gaitero eta Ziganteak, Amoba eskolako orkestra, Munhogain, Seguime (Cie ZeC), Beethoven, Euskorleans, Cie Par Allèles, Pantzo Man Show, Cocanha, DJ Reimy, Raimundo el Canastero.