12.000 pertsona bildu ditu festibalak Irisarriko plazan eta belardian. Publikoaz gain, 500 laguntzaileen lana azpimarratu dute antolatzaileek.
Ostiralean Habia hirukotearekin eman zioten hasiera EHZri Irisarriko plazan, kanpalekuan tokiak hartzen ari ziren bitartean. Ondoren, belardira jo zuen publikoak, kontzertuez gozatzeko. Belakok ezin izan zuen kontzertua eman azkenean, baina Lukiek taldeak ordezkatu zuen.
Bigarren eguna bertsoekin ireki zuten, Ospitalea kultur etxean egon ziren hitzaldi, tailer eta mahai inguruekin batera. Egunean emanaldi gehiago izan ziren: rap tailerra, Zizpa kolektiboaren kontzertua, Txikiren bakarrizketa edota Hika Teatroaren eta Oinkaridantza taldearen “Gazte" ikusgarria. Gauean, Zetak, Gatibu eta Krav Boca taldeek eman zituzten kontzertuak.
Azkeneko egunari gaiteroek eta erraldoiek eman zioten hasiera, eta Airoski gelan Euskal Herriko Laborantza Ganbarak zikiro tradizionala eskaini zuen. Aurtengo edizioa bukatzeko, Soulfly eta FM Belfast taldeek eman zituzten kontzertuak.
Larunbatean eman zioten EHZko antolatzaileek azken agurra Irrisariri ekitaldian, laguntzaileen garrantzia azpimarratuta. Hurrengo hilabeteetan erabakiko dute zein izango den EHZren hurrengo kokalekua. Gauza bat ziurra dela adierazi dute: “Nun izan ere, herri berrian ehunka laguntzailek dinamika sortuko dugula eta EHZ festibaletik herria eraikitzen segituko dugula”.