Iseo & Dodosound, Oihaneko Zühainetan, Gari & Maldanbera, Koban, Broken Brothers Brass Band eta Montauk izango dira ekainaren 28tik 30era Irisarrin eginen duten jaialdia. Sarreren aurresalmenta martxan jarri dute jada, eta gazteei laguntzaile gisa joateko deia egin diete.
Herria eta datak aurrez iragarrita, EHZ festibalaren lehen dasta jakitera eman dute gaur Baionan egindako agerraldian. Sei musika talderen izenak eman dituzte jakitera, baita hainbat tailer eta emanaldiren berri eman ere. Besteak beste, G7a, feminismoa, burujabetza eta besta eredua izanen dituzte hizpide tailerretan. Kontzertuez gain, bestalde, Toi D'abord zirku konpainia eta Led Silhouette dantza ikusgarria ere eskainiko dituzte.
Aurtengo festibala "ziklo berri baten" hastapen gisa aurkeztu du EHZko talde motore berriak, eta auzolana jarri nahi izan dute erdigunean, galtzagorrien metafora hartuta: "Gure artean sortu den auzolan eta elkarlaguntza izpiritu hau nahi dugu sentiarazi aurtengo edizioan. Izan laguntzaile, antolatzaile, festalari, kazetari… Denek osatzen baitugu EHZ". Gauza bera adierazten du kartelak ere: "EHZ festibalaren gibelean den egiazko elkarlan honen makineria erakusten du. Erakusten du ere EHZ Euskal Herriaren eraikuntzaren bihotzean kokatzen dela, eta EHZ festibala, Euskal Herri guziko eskaintza kulturalaren biriki bat izan nahi dela".
Albiste hau Topatuk eman du eta Creative Commons lizentzia libreei esker ekarri dugu ARGIAra.