Abenduaren 8an aurkeztu zuten Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren 2017ko ediziorako afixa, diru arazoen berri eman eta crowdfunding kanpaina abiarazteaz batera. Bost egun geroago jakinarazi dute afixa hura ez zela benetakoa, eta egiazkoa aurkeztu dute bideo umoretsu baten bidez. Antolatzaileek konfiantza eskatu nahi izan dute komunikazio estrategia horren bitartez.
Ekainaren 30etik uztailaren 2ra Lekornen egingo den festibalaren 22. ediziorako ildoak azaltzean, antolatzaileek adierazi zuten crowdfunding kanpaina bat jarriko zutela abian, jaialdiak aurreko urteetan izandako galerei ahal den heinean aurre egiteko.
2014an ekaitz batek hondatu zuen EHZ, eta harrezkeroztik zulo ekonomikoan sartuta daude. Zorra 100.000 eurokoa dela esan zuten abenduaren 8ko aurkezpenean, baina crowdfundingaren xedea 30.000 euro biltzea izango zela gaineratu zuten, “errealistak” izatearren.
Afixa ere aurkeztu zuten orduko hartan, baina gaur jakin denez ez zen benetakoa. “Bon, bon, bukatu da txistea!” leloarekin zabaldu duten bideoa erabili dute benetako afixa –askoz hobea– erakusteko. Aurkeztu zuten lehenengoarekin erreakzioak sorrarazi nahi izan dituztela esan dute –jendeak afixaz zuen iritzia esateko eskatu zuten espresuki–, baita lortu ere.
Helburua EHZn konfiantza eragin eta arazo ekonomikoak izanagatik “kalitatezko jaialdia” egingo dutela adieraztea izan da.