argia.eus
INPRIMATU
EHZ festibalak 15.000 euro eman dizkio lurraren defentsan ari den Lurzaindiari
  • Euskal Herria Zuzenean elkarteak (EHZ) irailaren 21ean egin Biltzar Nagusian erabaki zuen, aurtengo edizioko etekinetatik 15.000 euro ematea laborantza lurren defentsan lan egiten duen Lurzaindia elkarteari.

ARGIA @argia 2022ko azaroaren 03a
EHZ eta Lurzaindiako kideak Kanboko Marieniako lurretan. Argazkia: EHZ

1996an sortu zenetik, EHZ festibalaren helburuetako bat izan da balore komunak partekatzen dituzten elkarte eta mugimendu sozialak sostengatzea. Horretarako hainbat modutan egiten dutela azpimarratu dute: "Euskal Herriko borrokak ezagutaraziz, berdintasunean, euskal kulturan,  ekologian, klase sozial prekarizatuen defentsan oinarritutako jendartea praktikan ezarriz, edota elkarteak zuzenean ekonomikoki lagunduz".

Eta hala, aurten ere festibalaren etekinen zati bat elkarte bati eman diote: Lurzaindiari, "Arbonako Berroetako okupazioa, Kanboko Marieniako lurrak laborantzarako izaten segi dezaten eginiko borroka eta egunero-egunero, hainbat laborarik eta militantek egiten duten itzalpeko lanagatik".

EHZko kideek azpimarratu dute Lurzaindiaren lanaren bitartez ahalbidetu dela hainbat laborantza lur espekulaziotik babestea, laborariei birbanatuz. Eta Lurzaindiaren ekintzetatik haratago, defendatzen duten balore bat nabarmendu nahi izan dute: lurra guztiona da. "Egun, Euskal Herrian eta kanpoan ere, laborantza lurra merkatu logika kapitalistaren arabera saltzen da eta aldiz, Lurzaindiaren lanak aurkako logika segitzen du, laborantza lurrak eskaintza eta eskaeraren logiketatik atera, eta manera kolektiboan kudeatu, hazten gaituen lurrak bere funtzioa gal ez dezan, interes orokorrak interes pribatuen gainetik jarriz".