EHZ festibala bertan behera geratuko dela iragarri dute ostiral honetan. Antolatzaileek arratsaldean eginiko agerraldian azaldu dutenez, eguraldi iragarpenak behartu ditu erabakia hartzera.
"Pena handiarekin" hartu dute jaialdia ezeztatzeko erabakia EHZko antolatzaileek, baina aseguru etxeekin, festibalari laguntzen dioten boluntarioekin eta teknikariekin hitz egin ondoren ondorioa argia zela esplikatu dute: ezin zutela jaialdian parte hartuko zutenen segurtasuna bermatu.
Hemendik aurrera zer egin erabakitzea "denon ardura" dela esan dute antolatzaileek eta gogora ekarri dute festibalaren geroari buruzko gogoeta abian dela, zeregin horretan ariko direla aurrerantzean.
"Elkartasun erauntsia" beharko dutela ere azpimarratu dute, "bakoitzak bere modura" lagundu dezakeela: "Desmuntaketa lanetan laguntzeko esku kolpe bat emanez, bakoitzak bere herrian EHZren aldeko ekitaldi bat antolatuta, edo gure banku kontuan elkartasun ekarpen bat eginez", adierazi dute. "Antolatu dezagun EHZren aldeko auzolan erraldoi bat".
1996tik antolatzen den jaialdia ez dago momentu ekonomiko onenean. 2014an ekaitz batek jaialdia hondatu zuen eta zulo ekonomikoa ekarri zion. Iazko abenduan, aurtengo jaialdiko kartela aurkeztu zuten egunean, azaldu zuten 100.000 euroko zorra daukala festibalak. Horri aurre egiteko crowdfunding kanpaina jarri zuten abian, 30.000 euro lortzea helburu.
Nolanahi, garbi utzi dute EHZ hiru eguneko festibala baino gehiago izan dela beti: "Gure baloreetan oinarrituz, Euskal Herria Zuzenean elkarteak aitzina segitu behar du, eta segituko du; bizirik, bat eginik eta geroari so indarrez beterik".
Azken urteetan bezala, belaunaldi eta gustu guztiei zuzendutako kalitatezko eskaintza oparoa proposatzeko xedea adierazi du EHZko antolakuntzak.
ARGIA festibalaren babesle eta laguntzaile da eta han izango gara: BTN bideopodcastaren atal berezia grabatuko dugu larunbat goizean,... [+]
Nola ezar euskara, gal-bidean, ahal-bidean eta zabal-bidean? Galdera horri ihardukitzen entseatuko da Mattin Irigoien Zabalik elkarteko kidea, ostegun honetan eskainiko duen mintzaldian.
Hitzaldi eta mahai inguruen aurrerapena ere egin dute: Palestinaren egoera, Europako paktua eta immigrazio legea, laborarien mobilizazioa edota festibal eta musikagintza ereduaren eztabaida, besteren artean. Ekainaren 28an, 29an eta 30ean izanen da festibala, lehen aldiz... [+]
Auhen, Janus Lester eta Old School Funky Family taldeak ere izango dira festibalean. Ekainaren 28an, 29an eta 30ean egingo dute jaialdia, Arberatzen. Hiru egunetarako bonu berriak jarri dituzte salgai.
Lehen aldiz festibala Amikuzeko Arberatze herrian ospatuko da. Ekainaren 28, 29 eta 30an izango da.
12.000 pertsona bildu ditu festibalak Irisarriko plazan eta belardian. Publikoaz gain, 500 laguntzaileen lana azpimarratu dute antolatzaileek.
27. edizioa ostiraletik igandera iraganen da Irisarrin. 2019az geroztik ziren bertan, baina garaia etorri zaie mugitzeko: "Ez dakigu oraino zein izanen den gure hurrengo geltokia. Baina segur gira EHZak segituko duela".