argia.eus
INPRIMATU
EHUren “izaera poliziala” salatu dute ehunka ikaslek Gasteizen
  • Asteazken gaueko gertakariak salatzeaz gain, Polizia unibertsitatetik “kanporatzea” exijitzeko eta EHUren “erantzukizuna” seinalatzeko mobilizazioa egin dute.

Izaro Villarreal Lauroba 2024ko otsailaren 29a
Eguerdian protesta egin dute Gasteizen. (Argazkia: Izaro Villarreal)

Polizia unibertsitatetik kanpora! EHU errudun! lelopean mobilizatu dira ostegun eguerdian ehunka ikasle Gasteizen. Elurretatik hasi eta Magisteritzako fakultatera abiatu dira, eta besteak beste, honako aldarri hauek entzun dira: “Borroka da bide bakarra”, “Askatasun politikoak defendatu” eta “Indar poliziak Campusetik kanpora”. Ondoren, Farmazia fakultatea inguratu eta “EHU Campus poliziala” eta “Manoli errudun” zioten pankartak erakutsi dituzte.

Ikasle Abertzaleak-ek martxan jarritako Unibertsitatearen doakotasunaren eta eskubide politikoen aldeko proposamen politikoaren lau puntu esanguratsu ere jendarteratu dituzte: masterrak doakoak izatea; ordaindu gabeko praktikaldiekin amaitzea; alokairuen gastuei aurre egiteko diru laguntzak unibertsalak izatea eta Polizia unibertsitatetik kanporatzea.

Errektoreordetzan bukatu dute manifestazioa, eta bertan egin dute amaierako ekitaldia, Ertzaintzaren begiradapean. Ikasleek EHUri leporatu diote “jazarpenaren erantzukizun osoa”, eta seinalatu dute “ekimen politiko oro erreprimitzeko prest” dagoela unibertsitateko errektoretza. Era berean, eta ostegun arratsaldera arte iraun behar zuen Herri Unibertsitatea bertan behera utzi badute ere, adierazi dute ikasleen “formakuntza politikoa” eta “pentsamendu kritikoa” balioesten jarraituko dutela.

Bide beretik, “antolakuntza independentea” aldarrikatuta, Ikasle Abertzaleak-ek martxoaren 20ko ikasle grebarako deialdia egin du.

Aurrekariak

Ikasle Mugimenduak urte luzetan antolatu duen ekimena da Herri Unibertsitatea, hausnarketa, eztabaida eta formakuntza politikoa ardatz dituena. Asteazkenetik ostegun arratsera zen aurtengo edizioa, Gasteizko Campusean (Araba) –bertan behera utzi dute asteazken gaueko gertakariak medio–. Dena den, egun bakarrean hamaika auzi izan zituzten aztergai: Palestinako sarraskia, auzi ekologikoa, alderdiaren kontzeptu boltxebikea, artearen historia edota emakumearen auzia.

Ikasleek adierazi dutenez, EHUk “aurtengoan ere trabak” ipini dizkie; nagusia, gaua unibertsitatean bertan pasatzeko debekua. Ikasleek, ordea, horri aurre egitea erabaki zuten. Arratsaldeko 18:00etarako agerikoa zen Ertzaintzaren presentzia, eta ordurako gutxienez bi kide identifikatu zituzten antolatzaileen esanetan. Hala ere, egitarauarekin aurrera jarraitu eta Letren Fakultatea hartzeko hautu argia egin zuten ikasleek, Ikasle Abertzaleak-eko kide den June Eguinok ARGIAri kontatu dionez: “Batetik, itxialdia Herri Unibertsitatearen parte dela aldarrikatzeko; eta bestetik, jazarpen poliziala salatzeko”.

“Elkarrizketarako aukerarik ez da egon”

Gaueko 21:15 aldera jakin zuten ikasleek EHUk fakultatea husteko agindua emanda zuela. Hala ere, “irmoki” bertan jarraitzea erabaki zuten Eguinoren esanetan, eta EHUko errektoreordetza presionatzen jarraitu, “fakultatea hustea ez zen beste alternatiba bat mahai gainean jartzeko”. Eguinok, ordea, EHUk “eztabaidarako ate guztiak itxi” zituela adierazi dio ARGIAri, eta azpimarratu du ez zela “elkarrizketarako inongo aukerarik egon”.

21:30 aldera sartu zen Ertzaintza fakultatera, eta ikasleak lurrean eserita eta elkar eutsita eta pilatuta zeuden. Bertan zeuden gazteek ohartarazi, salatu eta Gedar-ek irudietan jaso zuenez, ertzainek “material pertsonala” kendu zieten lehenbizi, eta ikasleek osaturiko blokea indarrez desegin zuten gero. Hainbat kide identifikatu zituztela ere adierazi dute.

Kanpoan ere izan ziren istiluak, barruan zirenei babesa adierazten ari zirelako zenbait gazte. Ikasle antolakundearen arabera, horietako bat borrarekin zauritu zuen Ertzaintzak.