argia.eus
INPRIMATU
Ehunka txirrindulari mobilizatu dira harrobiko kirolarien lasterketak “normaltasunez” antolatzea eskatzeko
  • Araba eta Bizkaian ez bezala, Gipuzkoan txirrindulari gazteen lasterketak antolatzeko “etengabeko oztopoak” jartzen dizkietela adierazi du Santi Osoro Gipuzkoako Federazioko zuzendari ohiak. Urriaren 13an Donostian egin zuten manifestazioa auziari irtenbidea ematea exijitzeko.

Leire Ibar 2024ko urriaren 14a
Bizikletez eta kotxez osaturiko protesta egin dute Donostian Unai de Miguel

Gipuzkoako trafikoko arduradunek eta Ertzaintzak jarritako eragozpenen ondorioz, iazko denboraldian dimisioa eman zuten Federazioko kide guztiek –batek izan ezik–. Eusko Legebiltzarrean auzi honi eusteko mahai bat osatuko duela esan du Jaurlaritzak. Baina, Jarularitzak “pausurik ematen ez duela ikustean”, protestara irten dira klub ezberdinetako txirrindulariak eta kirol honetako Euskal Herri osoko ordezkariak. Belodromoan hasi eta Bulebarrerainoko ordu eta erdiko martxa burutu zuten. 

Euskal Herriko txirrindulari gazte gehienek bizi duten arazo bat dela jakinarazi badute ere, garrantzia berezia eman diete Gipuzkoako egoerari. Izan ere, Araban eta Bizkaian lasterketetako segurtasuna betetzeko arazorik egon ohi ez den bitartean, Gipuzkoan Ertzaintzak segurtasuna bermatzeko pertsonal falta dagoela argudiatzen du. Aitzitik, Lakuak lasterketak normaltasun osoz egiteko beste ertzain badaudela defendatu du. Osorok adierazi du “ulergaitza” egiten zaiela Ertzaintzak erabakia hartzeko duen eskumena, eta “trafiko arazo bat” izango balira bezala tratatzen dituztela salatu du. 

“Traba bat garela ikustetik, etorkizuna garela ikustera” igarotzeko eskatu du Gipuzkoako Federazioko zuzendari ohiak eskumenak dituztenei. Konponbidea argia dela gehitu dio Abraham Olano ibilbide luzeko txirrindulariak Naizek jaso duenez: “Oinarrizko txirrindularitza zaindu behar dugu”. Horretarako urratsak eragile guztien artean eztabaidatu behar direla esan du txirrindulari ohiak, herriaren kezka “agerikoa” dela argudiatuz.