argia.eus
INPRIMATU
Ehunka manifestari Patxi Ruizen aldeko mobilizazio egunean
  • Txantreako preso politikoari babesa adierazi diote larunbatean hainbat herrietan. Patxiren bizitza oraindik ere arriskuan dela ohartarazi du Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak. EPPKren azken agiria kritikatu du, mobilizazio eguna “ahultzeko” helburua zuela esanez.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 31
Bilboko mobilizazioa. Argazkia: @AmnistiaGarrasi.

Larunbatean mobilizazioak antolatu dira Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak (AAEAM) deitutako mobilizazio egunaren harira. Mobilizaziorik jendetsuenak hiriburuetakoak izan dira, ehunka pertsona batu dituzte. Baiona, Gasteiz, Iruñea, Bilbo eta Donostiako mobilizazioen amaieran komunikatu bera irakurri dute antolatzaileek.

Egoera larria izaten jarraitzen duela dio AAEAMk: “Heriotzatik oso hurbil egon da Patxi, eta egoera hau aldatu ezean heriotza zain izaten jarraitzen du”. Txantreako presoa fisikoki “ahul” baina politikoki “beti bezain indartsu” dagoela adierazi dute. Alderdi instituzional “guztiak”, espetxeetako funtzionario eta medikuak, epaileak, hedabideak eta “sasi-bakezaleak” egin dituzte egoeraren arduradun politiko. Deitzaileen esanetan, Ruizek herri mugimendua piztu du eta haren“inspirazio iturri” bilakatu da. Ruizen “erabateko” garaipen politikoa nabarmendu dute, eta “hartzen duen erabakia hartzen duela ere” babesa emango diotela adierazi dute.

EPPKren agiriaren aurka

Larunbatean ere, EPPKren azken agiriaz egiten duen balorazioa zabaldu du AAEAMk. Haren ustez, “sistemaren parte diren alderdi instituzionalei txalo egitearekin batera, herri mugimenduaren aurka jo” du EPPKk, “kontrolpean ez daukaten hori kaltetzeko saiakera batean”. Agiria “Sorturen bulegoren batean” idatzita dagoela, eta bere helburua mobilizazio eguna “ahultzea” zela adierazi du ere. EPPKko agiriak zuzentzen dizkion kritikak ukatu eta Sortu eta EH Bilduren aurka egin du.