Indiaren historia hurbileko migrazio prozesurik handiena eragin du herrialde osorako agindutako konfinamenduak. Ehunka milaka langile etorkinek oinez ekin diote jaioterrira itzultzeko bideari, erabakiaren ondoren lanik eta etxerik gabe geratu ostean.
Delhin, Indiako hiriburuan, milaka migrantek egin dituzte maletak eta autopistetan barrena euren jaioterrietara itzultzen hasi dira. Azken hamarkadetan herrialdeak ezagutu gabeko migrazio prozesu baten hasiera eragin du Narendra Modi lehen ministroak koronabirusari aurre egiteko agindutako itxialdiak.
“Zuek, kalean bizi zaretenok, gaixotasunari diozue beldurra, baina nik goseari diot beldur handiagoa”, adierazi dio The New York Times egunkariari egoera berriak eraginda jaioterrira itzultzea erabaki duen 32 urteko Papuk.
980 lagunek eman dute positibo Indian eta 24 hildako eragin ditu gaixotasunak orain arte, baina munduko gainontzeko herrialdeetan bezala, birusaren hedapena handiagoa izango dela espero da. Eta agintariek konfinamendua dekretatu duten arren, problema handi bati egin beharko diote aurre neurri hori betetzeko: munduan etxegabe gehien dituen herrialdeetako bat da India. Hala zen koronabirusaren aurretik eta egoera berrian etxegabeen kopurua hirukoiztu egin da, GKEek emandako informazioaren arabera.