argia.eus
INPRIMATU
Ehunka milaka kurduk Ocalan buruzagiaren askatasuna eskatu dute Newroz egunean
  • Kurdistan osoan ospatu dute larunbatean Newroz eguna. Ekitaldirik jendetsuena Turkiaren mendeko Ipar Kurdistango Van hirian izan da. HDP alderdiko diputatu Feleknas Uca-k eginiko hitzartze nagusian adierazi du ez diotela sekula utziko Abdullah Öcalanen askatasuna eskatzeari. Öcalan preso daukate Turkiako Imrali uhartean 1999tik bizi osoko zigorra ezarrita.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2022ko martxoaren 21a
Van hiriko Newroz ospakizunak, Ipar Kurdistanen. (Argazkia: ANF)

Honela dio ANF agentzia kurduak larunbatean egin kronikak:

"Newroz ospakizun erraldoia egiten ari dira Van probintzian. Ehunka milaka lagun etorri dira gotorleku zaharraren azpian dagoen jai gunera, tenperaturak oso hotzak izan arren. Gogotsu dago giroa, eta behin eta berriro entzuten da "Bijî Serok Apo" (Gora Öcalan buruzagia) leloa. Egitaraua martirien aldeko minutu bateko isilunearekin hasi da, eta ondoren jendetzak oihukatu du "Sehid Namirin" (Martiriak hilezkorrak dira).

Newrozeko sua pizten duten plazan Ayfer Düzdas eta Koma Pel musikariak aritu dira. Hitzaldia eman du Bakearen Aldeko Amak ekimeneko Xecê Akdoganek eta amaitu du gerraren amaieraz gain, Abdullah Öcalanen isolamendua amaitzeko eskatuz.

Horren ostean, HDPko diputatu Feleknas Uca-k hartu du hitza: "Gure herria ez dute ez elurrak ez bestelako oztopoek geldituko. Une erabakigarrian gaude, suntsiketa eta gerra kanpaina baten aurrean. Presoen aurkako eraso zikinak gertatzen ari dira. Ez dago ezer belauniko jarriko gaituenik. Emakume kurduen aurkako politikak ere noizbait eroriko dira. Ez dute arrakastarik izango. Gure borroka emakumeek zuzentzen dute eta aurrera jarraituko dugu. Abdullah Öcalan askatzeko garaia ere bada, eta gertatzen dena gertatzen dela, kurduek ez dute emango. Gogoratu hori".

Eguna baliatu du mendietan borroka armatuan ari den gerrilak ere, bere mezua helarazteko. Turkiako presidente Erdoganen alderdiari erreferentzia eginez, ondorengoa esan dute: "AKP-MHP garaituko dugu Kawak Dehak tiranoa garaitu zuen bezala". Ikusi lotura honetan bideoa.

Iraken menpeko Hego Kurdistanen, astelehenean egingo dituzte Newroz ospakizunak.

Iruñeko Zabaldin hitzaldia ostegunean

Kurdistango emakumeei buruzko hitzaldia antolatu dute Navarreria kaleko Zabaldin, ostegunerako.

Donostian Newroz eguna datorren larunbatean

Herri Kurduaren Aldeko Donostiako Ekimenak datorren larunbaterako Newroz eguna deitu du Uliako Lore Baratzetan. Egun osoko egitaraua azpiko afixan duzue ikusgai.