argia.eus
INPRIMATU
Ehunka langilek jarraitzen dute itxita eta garbi dauden ikastetxeak garbitzen
  • LAB sindikatuak salatu du konfinamendu erabatekoa ezarria den aste honetan ere ehunka garbitzailek jarraitzen dutela EAEn itxita dauden ikastetxeak garbitzera joaten, "Hezkuntza Sailak aginduta". Hauek dira langileen osasuna arriskuan jarriz beharrezkoa ez den zerbitzua ematen jarraitzen duten enpresak: ISS, Zaintzen, Garbialdi eta OHL. Zein ikastetxe garbitzen jarraitzen duten ere zehaztu du sindikatuak.

LAB sindikatua @labsindikatua 2020ko apirilaren 01a

LAB sindikatuak hainbat ikastetxeren eta garbiketa enpresen berri eman du, ikastetxeak itxita egonik ere langileak hauek garbitzera bidaltzen dituztenak.

Bizkaian 40 lan-zentro baino gehiago dela adierazi du sindikatuak. Horien artean: Gurutzeta BHI (ISS enpresa), Uribe Kosta BHI (ISS), Balmaseda BHI (ISS), Erandio LH (ISS), Gernika BHI (Zaintzen enpresa), Bermeo HEO (Zaintzen), San Mameseko fakultatea (Garbialdi enpresa), Leioako kanpusa (OHL enpresa)...

Gipuzkoan, Azkoitia BHI (ISS), Batxiler Azkoitia (ISS), Altza (Garbialdi), Iparragirre Zumarraga-Urretxu (ISS).

Arabako ikastetxe hauetan guztietan ISS enpresa ari da garbiketa zerbitzua eskaintzen: Aguraingo Aniturri BHI, Murgia BHI (Murgia), Gasteizko Ekialde DBH, Gasteizko Mendebaldea BHI; eta Gasteizko Jesus Guridi musika kontserbatorioa.

Garbi eta itxita dauden ikastetxeak garbitzera

LAB sindikatuak salatu duenez, Hego Euskal Herrian erabateko konfinamendua ezartzen duen Dekretua aste honetan indarrean sartu bada ere, "garbiketa sektoreko ehunka eta ehunka langilek beren lantokietara joaten jarraitu behar dute: dagoeneko garbi dauden, itxita dauden eta, oraintxe bertan, garbiketa funtsezkoa ez den bigarren hezkuntzako ikastetxeetara eta EHUko egoitzetara joaten jarraitu behar dute". Errege Dekretuaren ahuldadea seinalatu du: "Dekretuak garbiketa funtsezko jarduera gisa hartzen du, baina ez du bereizten osasun-zentro baten edo garraio publikoaren garbiketa, eskola, museo edo bulego itxi baten garbiketatik".

Enpresek zentro itxiak garbitzera bidaltzen dituzte langileak

Enpresen "arduragabekeria" salatu du sindikatuak, izan ere, "garbiketaren funtsezkotasunean oinarrituz zentro itxiak garbitzera bidaltzen dituzte langileak. Funtsezko jarduera ez dela jakinda ere, eta erabat kontziente izanik ez dela segurua haientzat, ez baitizkiete beharrezko babes-ekipoak ematen. Eta hori nahikoa ez balitz, lan-zentroak itxita egonik eta egun hauetako alarma laranjan egonagatik ere, berogailu gabe dihardute lanean".

Hezkuntza Sailak garbiketa-zerbitzua ematen jarraitzeko berariazko agindua eman du

"Administrazio publikoen eta, bereziki, Hezkuntza Sailaren jarrera salatzen dugu" adierazi du sindikatuak; "izan ere, berariazko agindua eman die enpresei garbiketa-zerbitzua ematen jarraitzeko, nahiz eta beren zentroak martxoaren 13tik itxita egon, euren osasuna arriskuan jarriz. Deigarria da erabaki hori langileek beren lan-baldintzak duintzea aldarrikatzen zuen greba-deialdi baten ondoren etortzea".