argia.eus
INPRIMATU
Ehunka lagunen ekimen desobedienteak meatze bat geldiarazi du Txekiar Errepublikan
  • Lignitoa ateratzeko meatze bat okupatu dute ehunka lagunek. Alemaniako Ende Gëlande ekintza jendetsuetan bezala, Txekiar Errepublikako ekimen honetan ere euren gorputzak erabili dituzte giza katea osatu eta meatzeko jarduna oztopatzeko. Ekintza baketsua izan da.

Itsaso Zubiria Etxeberria 2017ko uztailaren 12a
Bilina meatzea izan dute geldirik ekintzaileek ordu batzuez, Txekiar Errepublikako Ipar Bohemia eskualdeko Horní Jiřetín herriko meatzearen inguruetan (arg.: denikreferendum.cz).

Bilina meatzea izan dute geldirik ekintzaileek ordu batzuez. CEZ enpresa da meatze honetako nagusi, eta lignitoa atera eta ikatza erretzen dute.

Bost egunez martxan egon den KlimaKemp klima kanpalekuaren ekintzen barruan antolatu dute, Txekiar Errepublikako Ipar Bohemia eskualdeko Horní Jiřetín herriko meatzearen inguruetan. Ekainaren 21etik 25era bitarte egon dira kanpalekuan.

Limity Jsme My! (Gu gara muga!) mugimendu ekologistak antolatutako ekintza izan da, eta Europako beste hainbat lekutatik gerturatutako jendea bildu da bertan. Kanpalekuan energia izateko prestatu dituzte eguzki plakak, ahalik eta hondakin gutxien sortzeko konpost guneak, eta hainbat hitzaldi eta ikastaro prestatu dituzte. Poliziaren presentzia handia izan dela salatu dute antolatzaileek, eta kanpalekura zihoazenei kontrol zorrotzak egin dizkietela bidean.

Hemen ekintzaren bideoa eta ondoren argazki galeria:

Argazki galeria: