argia.eus
INPRIMATU
Ehunka lagunek lotu dute guardasol katez San Frantzisko eskola eta Iruñeko udaletxea aterpe eske
  • Eskolako patioarentzat aterpe bat eskatzeko, Iruñeko Alde Zaharreko San Frantzisko ikastetxeko eta Alde Zaharreko ehunka lagunek eskola eta Iruñeko udaletxea lotu zuten astearte arratsaldean Guardasol kate baten bidez.

Xabier Letona Biteri @xletona 2017ko maiatzaren 31
San Frantzisko eskolak Iruñean egindako mobilizazioa. (Argazkia: Ekinklik) San Frantzisko eskolak Iruñean egindako mobilizazioa. (Argazkia: Ekinklik)

Ume, guraso eta irakaslez osatua zegoen guardasol katea 17:00etan eratu da, umeak eskolatik atera ondoren. San Frantzisko plaza, Zapateria kalea eta Udal plaza hartu ditu. Giro alaian egin da katea, olatua behin eta berriro eginez eta leloak oihukatuz: “1-2-3-2 gure patioa estali” edo “bai, bai, bai, estalpea orain” izan dira horietakoak. Hogei minutu ondoren, Uxue Artxanko eskolako amak eta Nekane Lasa eskolako zuzendariak  agiria irakurri zuten aterpe ezaren arazoa azalduz

Dagoeneko 2003an hasi ziren aterpe eske patioarentzat, harreman ugari izan dituzte Iruñeko Udal eta Nafarroako Gobernuko ordezkariekin, baina zehaztu zutenez, oraindik ez dute aterperik lortu. Iruñerrian, batez beste, ikasle bakoitzak 22,37 m2-ko patioa duela azpimarratu zuten eta San Frantziskon 2,88 m2. "Gorputz heziketan 36 saiotatik zortzi saiotan lekurik gabe geratzen gara, heziketa fisikoko saioak baldintza eskasetan burutuz, psikomotrizitate gelan –63 metro karratu– edota patioan, ahal denean". 

Euria egiten duenean ere arazoak dituzte: "Jolasaldian gure ikasle eta seme-alabak galeriatan edota geletan egoten dira, jangela orduetan beheko solairuko galerian, patioko eskolaz kanpoko jarduerak ezin dira aurrera eraman, eta eskolako ospakizunak –Olentzero, inauteriak...– bertan behera geratzen dira".

Urte luzez aterpe eske

Eskolak ekimen ugari eraman ditu aurrera eskari honen inguruan. Esate batera, 2012-13 ikasturtean patio osoa estali zuten auzolanean egindako oihal aterpearekin. 2016ko urtarrilean ere erakusketa erakargarria egin zuten eskolako atarian: Nafarroako Unibertsitateko Arkitektura Eskolako ikasleek patioaren zati bat estaltzeko hamabi proiektu erakutsi zituzten.

Nafarroako Legebiltzarrak eta Iruñeko Udalak hainbat bisita egin dituzte eskolara. 2015eko urtarrilean Nafarroako Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordeak eskolaren egoera bertatik bertara ikusteko aukera izan zuen. Batzordeak honako eskaera egin zion Nafarroako Gobernuari: hiru hilabeteko epean patioarentzat aterpe proiektu bat egin zezan. Aurtengo martxoan Iruñeko Udaleko Herritarren Partehartzerako Batzordea izan zen bertan, eta eskolako zuzendaritzako kideek arazoen nondik norakoak azaldu zizkieten.

Artxankok eta Lasak jakinarazi zutenez, bi instituzioak ulerkor agertu badira ere, inoiz ez diete irtenbiderik eman eskolaren aldarrikapenei. Egoera honen aurrean, eskola komunitateak lehenbiziz atera ditu kalera bere aldarrikapenak, eta beraien helburua lortu artean kalean ere izango direla gogorarazi diete Udalari eta Gobernuari.

Guardasol katea San Frantzisko Plazan, eskola aurrean. (Argazkia: Ekinklik)
Zapateria kaleko katearen irudia. (Argazkia: Ekinklik)