argia.eus
INPRIMATU
Ehunka lagunek larriki gaixo dauden presoen etxeratzea exijitu zuten
  • Larunbatean burutu zuen manifestazioa Sarek Gasteizen, asteartean hil zen Jose Angel Ochoa de Eribe euskal preso politikoaren kasua azkena izan dadin eskatzeko.

Hala Bedi @halabedi 2019ko azaroaren 04a
Azaroaren 2an manifestazioa Gasteizko kaleetan. Argazkia: Sare.

Iragan asteartean hil zen Jose Angel Ochoa de Eribe, Gorbeialdeko euskal preso politikoa, hirugarren graduan zela, gaixotasun larri baten ondorioz. Sarek manifestazioa burutu zuen larunbatean Gasteizen larriki gaixo dauden presoen askatasuna exijitzeko. Ehunka lagunek egin zuten bat deialdiarekin.

Artiumetik abiatu zen manifestazioa, arratsaldeko 17:00etan. Blanca Martinez de San Vicentek, Sareko bozeramaileak, 2019. urtean hiltzen den hirugarren euskal presoa dela gogorarazi zuen, Oier Gomez eta Juan Mari Maizkurrenarekin batera. "Jose Angel bere etxean hil zedin aske utzi zuten euskal preso bat" zela gogorarazi du Sarek eta Espainiar Gobernuak PPk aplikatutako errezeta berdina jarraitzen duela salatu du: "Soilik heriotza ate joka dutela izango dira askatuak larriki gaixo diren presoak".

Oraindik hainbat euskal preso politiko daude gaixotasun sendaezinak espetxean pairatzen. Larunbatean Ibon Fernandez de Iradiren kasua ekarri zuten gogora "beste behin ere, justiziak bere gaitzaren gaineko erabakia ebazteko epea luzatu baitu, bere egoeraren larritasuna aintzat hartu gabe, bere etxeratze prozesua eternizatuz", azaldu zuten Sareko bozeramaileek.

Larriki gaixo dauden presoen askatasunaren alde lanean jarraitzeko deia luzatu zuten eta kaleak hartzen jarraituko dutela iragarri. Espainiar Gobernuari ere, azken deialdia egin zioten "gizatasunagatik, duintasunagatik eta legalitateagatik" larriki gaixo diren presoak askatzeko.

Jose Angel Ochoa de Eribe, saihestu zitekeen heriotza

Asteartean hil zen Jose Angel Ochoa de Eribe, Gorbeialdeako euskal preso politikoa, gaixotasun larri baten ondorioz. 2015ean diagnostikatu zioten minbizia kartzelako osasun azterketa baten ostean. 2016an bete zituen bere zigorraren hiru laurdenak, espetxe zuzendaritzak ordea "Jose Angel espetxean mantentzea erabaki zuen, bere egoerak guztiz okerrera egin eta atzera bueltarik gabea bilakatu artean" azaldu du Sarek.

Iragan ekainean, Castelloneko espetxearen zuzendaritzak hirugarren gradua eman zion, espetxe legediaren 104.4 artikuluan oinarrituta, bere gaixotasun larria zela medio.