Bizkaiko Foru Aldundiak abiatutako proiektuak "herritarren benetako beharrei" erantzuten ez diela salatu dute, Subflubiala EZ! plataformak deituta. Autobideak eraiki ordez, instituzioek garraio publikoa sustatu behar dutela adierazi dute.
Getxo eta Portugalete Ibaizabal itsasadarraren azpitik autobide batekin lotzeko proiektua gaitzesteko ehunka manifestari bildu ziren larunbatean, Bilbon. Bizkaiko Foru Aldundiari proiektua gelditzea exijitu zioten, besteak beste, ez dituelako "berotegi-efektuko gasen emisioak murrizten" eta "helburu klimatiko ofizialen aurka" doalako.
Bizkaiko hiriburuko kaleak zeharkatu ostean, Arriaga plazan amaitu zen manifestazioa. Bertan, Hodei Rodríguez Subflubiala EZ! plataformako kideak proiektuaren "eragin negatiboak" salatu zituen: "Ibilgailu pribatuen erabilera areagotuko du, baita kutsadura ere. Gainera, tunela sortzeko obrek zarata, kutsadura eta bibrazioak sortuko dituzte hurbil dauden eremuetan".
Plataformak iragan astean ohartarazi zuenez, obrak iragarri zituztenetik proiektuaren kostu ekonomia %10 handitu da: 450 milioitik 500 milioi eurora. Diru hori "garraio publikoa hobetzera" bideratu behar dela aldarrikatu zuten, eta ez "eraikuntza enpresa handien" irabaziak handitzera.
Babes zabala
50 eragile baino gehiago atxikitu ziren Subflubiala EZ! dinamikaren deialdira: horien artean, Ekologistak Martxan, Guggenheim Urdaibai Stop plataforma eta ELA, LAB, CCOO, CGT edota Steilas sindikatuak. "Indarrak batu ditugu, badakigulako mugitzeko beste modu bat posible eta beharrezkoa dela", adierazi zuten manifestazioaren antolatzaileek, eta proiektua gelditu arte mobilizatzen jarraituko dutela ziurtatu zuten.