Ehunka lagun bildu dira larunbat eguerdian Iruñean, Nafarroako Gobernuaren aurrean gobernuari ausardia eskatzeko euskararen garapen neurriekin. Kontseiluak eta gehiengo sindikalak deitu dute mobilizazioa.
Bildutakoek hala erantzun diote irailaren amaieran Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak Nafarroako Gobernuaren lan kontratazioak arautzen dituen foru dekretuaz emandako epaiari. Hartan ukatu egiten zuen eremu mistoan eta ez euskaldunean euskarak lan kontratazioetan balio berezirik izatea meritu gisa, dekretuak zehazten zuen gisan.
Epaiak haserre handia piztu du Nafarroako euskaltzaleen komunitatean eta gaurko mobilizazioa izan da horren adierazle bat gehiago. Kontseiluko eta sindikatu deitzaileetako kideek hiru pankarta eusten zituzten bilkuraren buruan, bakoitzean justizia, bertintasuna eta kohesioa aldarrikatuz. Euren ustez hiru osagai horiei eragiten die epaiak eta Nafarroako Gobernuaren esku dago urratsak ematea hiru horietan euskaldunak eroso senti daitezen.
ELA, LAB, ESK, Hiru, Stailas, CGT eta EHNEk sostengatu dute mobilizazioa eta haien izenean hitz egiten dute Imanol Karrera eta Imanol Pascualek, hurrenez hurren LABeko eta ELAko ordezkariak. Pascualek azpimarratu du PSNk bat egiten duela euskararen politikaren aurka Navarra Suma, UGT eta Afapnakoekin, besteak beste, eta adierazgarritzat jo du egungo Nafarroako Hezkuntza kontseilaria eragile horiek iaz euskararen aurkako manifestazioan egotea. Karrerak aipatu du euskararen borroka ere badela langileena eta biak bat etorri dira: zonifikazioa dakarren Euskararen Legearekin amaitu egin behar da".
Paul Bilbao Kontseiluko ordezkaria ere bat etorri da lehen mailakotzat jo duen lege hori aldatu beharrarekin, azkenean lege horrek epai hau gisakoak ahalbidetzen dituelako. Azaldu du Kontseiluak iragan legealdiaren amaieran jakinarazi zuela Foru Legebiltzarrean horrelakorik gerta zitekeela. Epaileek euskararekiko duten jarrera salatu ondoren, "ausardia, ausardia eta ausardia" eskatu dio Nafarroako Gobernuari, bai euskaldunen eskubideak zainduko dituzten langileak kontratatzeko eta baita euskaldunon eskubideak bermatuko dituzten politikak egiteko ere.
. @kontseilua-ren izenean hitz egin du Paul Bilbaok, esanez lehen helburua Euskararen legea aldatzea dela eta horretan tematuko direla, epaiarekin gertatutakoa horren ondorioa dela eta. Aldi berean, Nafarroako Gobernuari ausardia eskatu dio pic.twitter.com/12B7xSmtT3
— Xabier Letona (@xletona) October 19, 2019