argia.eus
INPRIMATU
Code Rood mugimendua
Ehunka lagunek enpresa kutsakor bat blokeatu dute hiru egunez Herbehereetan, klima aldaketaren aurka
  • Code Rood mugimenduak bigarren aldiz blokatu du klima aldaketa eragiten ari den enpresa kutsakor bat, Herbehereetan. NAM izeneko enpresak gas tankeak dauzka Groningen hiritik gertu, eta bizilagunak gune kutsakorra izateaz gain, lurrikarak eragiten dituela salatzen ari dira. 700 lagunek desobedientzia zibileko ekintza prestatu eta 50 orduz sarbideak itxi zituzten, enpresaren lana etetea lortuz. Bost lagun zauritu zituen poliziak. Jarraian ekimenaren argazki eta bideoak.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2018ko irailaren 14a
Argazkia: Code Rood.

Abuztuaren 28an hasi zen ekimena eta 30 arratsaldean amaitu. Lehen gauean inguruko herrietako 300 bizilagunetik gora blokeoa egiten ari ziren ekintzaiei babesa adieraztera joan ziren NAM enpresaren tankeen gunera. Inguruko biktimen interesak defendatzen dituen 4.000 kidetik gorako Groningengo Lurralren Mugimenduak “erabateko babesa” adierazi zion Code Rood mugimenduari.

Poliziak bortxa erabili zuen ekintzaileen aurka eta tentsio uneak bizitu zituzten, hainbat bideotan ikus daitekeenez. RTV Noord hedabidean jaso dute bost zauritu eragin zituela poliziak. Poliziak borrak eta spray negar eragileak erabili zituen, eta shock egoeran geratu zen pertsona bat anbulantziak eraman behar izan zuen bertatik.

Ekintza kanpalekutik enpresa zegoen lekura bitarteko 13 kilometroak sei “hatz”-etan banatuta egin zituzten: bizikletaz (morea), oinez (horia eta gorria), itsasontziz (arrosa), busez (laranja) eta trenez (orlegia). Herbehereetako ekintzaileez gain, Europako hainbat estatutatik joan zen jendea ekintzan parte hartzera: Suedia, Danimarka, Alemania, Belgika, Frantzia eta Erresuma Batutik.

Zer da Code Rood?

Alemaniako Ende Gelände mugimenduaren arrastoari jarraiki, klima aldaketa eragiten duten proiektuen aurkako desobedientzia zibil ekimen masiboak egiten dituzte. Ehunka lagun mugitzen dituzte, jantzi zuriak jantzita, blokeoak eginez. Iaz, Amsterdamgo portuan egin zuten antzeko ekimen bat. Code Rood-ek marra gorria esan nahi du nederlanderaz.

Ekimenaren hainbat argazki, beren Flickr-ean gehiago ikusgai.