argia.eus
INPRIMATU
Ongietorri beroa Donostiako Askegunean atxilotu zuten Aitor Olaizola preso ohiari
  • Donostiako Askegunean atxilotu zuten Aitor Olaizola eta lau urteren ostean atera da kartzelatik, orotara sei urteko espetxe zigorrarekin ordainduta Segiko kide izatea egotzi izana. Ehunka lagun izan ditu zain Donostiako Alde Zaharrean, ongietorria emateko.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2017ko apirilaren 18a

Espetxean jarraitzen dute auzi beragatik atxilotutako Egoi Alberdi, Mikel Arretxe, Oier Lorente, Nahikari Otaegi, Adur Fernandez, Imanol Vicente eta Ekaitz Ezkerrak.

Zortzi gazteak torturapeko deklarazioetan oinarrituta zigortu ditu Auzitegi Gorenak. Hirugarren pertsona batzuek torturatu bitartean poliziari egindako adierazpenetan daude oinarrituta, gerora auziperatuek epailearen aurrean salatu zutenez. Horrez gain, zapi, kamiseta, CDak eta halako frogak aurkeztu dituzte Segiko kide direla demostratzeko.

Askeguneak sare sozialetan publikatutako ohar batean jakinarazi dute maiatzaren 6rako, "eztanda izugarri hura eragin zuen herri harresiaren 4. urteurrenaren harira egitarau interesgarria" prestatzen ari direla.

Hurrenak ateratzen Adur Fernandez eta Oier Lorente izango dira, lehena apirilaren 23an eta bigarrena apirilaren 26an.

Donostiako herri harresia
2013ko apirilean ehunka lagunek desobedientziaz erantzun zioten zortzi pertsona hauen aurkako atxiloketa aginduari. Donostiako Boulevardean babestu zituzten 10 egunez, tentsioz beteriko azken hiru egunetan lo ere bertan eginez. ARGIAk zuzeneko jarraipena egin zion.
 

800 laguneko herri harresia gaindituz atxilotu behar izan zituen Ertzaintzak gazte auzipetuak. Azpiko bideoan goizaldearen kronika.