Mundu Bankua BECen egiten ari den gailurra dela eta makina bat mobilizazio eta ekitaldi daude antolatuta egunotan. Astearte arratsaldean ehunka lagun irten dira Barakaldon kalera, Munduko Bankuari Ez! plataformak deituta. Asteazkenean 19:30ean Bilboko Plaza Eliptikotik abiatuko da mobilizazio nagusietako bat.
Hiru eguneko bilera antolatu du Munduko Bankuak Barakaldoko BECen, Innovate 4 Climate izenburupean, besteak beste karbono isurien salerosketaz hitz egiteko. Asteartean hasi zen bilkura eta irekiera ekitaldian protesta egin dute Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Euskal Herriak Kapitalari Planto ekimenak eta Jauzi Ekosozialak deituta. Eserialdi batekin, erakustazokako aparkalekuko sarrera-irteera oztopatu dute denbora batez.
Azkeneko kolektibo honetako kideek, bestalde, pankarta erraldoia zabaldu dute Bilboko Betolatza auzoan, "Sistema aldatu, ez klima!" dioena.
Barakaldon ehunka lagun
Astearte arratsaldean, ehunka lagun irten dira kalera Munduko Bankuari Ez! plataformak deituta. Plataforma horrek eragile sozial, talde ekologista eta elkarte ugari biltzen ditu eta manifestazioa egin dute Barakaldoko kaleetan Kapitalismoa eta ingurugiroaren suntsipena borrokatu lemapean.
"Zuek zarete ingurumenaren suntsipenaren eta mundu osoko langileon miseriaren erantzuleak", azaldu dute manifestazioaren amaieran. Besteak beste, salatu dute "oligarkia finantzarioak" Munduko Bankua bezalako erakundeak erabiltzen dituela bere intereserako.
Munduko Bankuari Ez! plataformak, bestalde, manifestazioak iraun duen bitartean izandako "Poliziaren presentzia itogarria" salatu du. Aurretik sei pertsona identifikatu dituztela azaldu du, eta Poliziak oztopoak jarri dizkiela mobilizazioa osotasunean aurrera eraman ahal izateko.
Ekitaldi eta mobilizazio gehiago
Asteazken arratsaldean Bilbon beste manifestazio bat egingo dute Munduko Bankuaren biltzarra dela-eta
Asteazken arratsaldean Bilbon beste manifestazio bat egingo dute Munduko Bankuaren biltzarra dela-eta. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Kapitalari Plantok eta Jauzi Ekosozialak Zuen Negozioa, gure kolapsoa lelopean antolatutako mobilizazio nagusietako bat izango da. Bilboko Plaza Eliptikotik abiatuko da 19:30ean.
Horrez gain, kolektibo eta erakunde horiek hitzaldia ere antolatu dute maiatzaren 25ean; Yayo Herrero antropologo feminista ariko da Bilborocken 19:00etan.
Azkenik, asteazkenean 17:00etan Eric Toussaint zor bidegabean baliogabetzearen kontrako CADTM elkarteko kide eta aditu nagusienetakoa denak hitzaldia emango du, ELAren Manu Robles Arangiz Fundazioak gonbidatuta, Bilboko Bizkaia aretoan; Munduko Bankuaren historia kritikoari buruzko bere liburua aurkeztuko du Toussaintek.