argia.eus
INPRIMATU
Ehunka herritarrek salatu dute Donostian izandako eraso sexista
  • Ehunka herritar batu ziren igande arratsaldean Donostiako Bulebarrean goizaldean izandako eraso sexista salatzeko. Koordinadora Feministak eta Piratek deitu zuten elkarretaratzea, Denok goza dezagun, eraso sexistei erantzun! lelopean.

Itziar Ugarte Irizar @itzugarte 2014ko abuztuaren 11
Autodefentsaren beharra azpimarratu dute deitzaileek Bulebarrean egindako kontzentrazioan. (Arg.:izanpirata.info)

Amara Berri auzoan jazo zen sexu erasoa igande goizaldean, emakumea etxeko atarian sartzera zihoanean. Ertzaintzan jarritako salaketaren arabera, emakumeak oihu egin eta askatzea lortu eta erasotzaileak ihes egin zuen.

Kontzentrazioaren deitzaileek festaz gozatzeko eskubidea denena aldarrikatu eta erasoen aurrean gizarteak erantzun egin behar duela adierazi dute. Autodefentsaren beharra azpimarratu dute erasoei aurre egiteko, "inoren zain egon gabe” bakoitzak bere burua defendatu dezan.

Gertatutakoa salatzeko agerraldian izan ziren Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea eta Naiara Sampedro Berdintasun zinegotzia. Erasoak festetan zein hauetatik kanpo onartezinak direla eta “txikia izanik ere” jazarpen sexista oro salatu egin behar dela adierazi du alkateak.