argia.eus
INPRIMATU
Ehunka herritar mobilizatu dira Galder Barbado eta Aitor Zelaiari babesa emateko
  • Asteazken arratsaldean mobilizazioak egin dituzte Gasteizen, Amurrion eta Agurainen, ANkerkeria Stop ekimenaren deiari erantzunez. Espainiako Epaitegi Gorenak asteazkenean berrikusi ditu bi gazte Arabarren aurkako epaia, eta edozein unetan jakinarazi dezake ebazpena. Espetxeratze arriskuaren aurrean “adi egotera eta erantzutera” deitu du elkartasun ekimenak.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2023ko apirilaren 27a
Amurrioko mobilizazioa. Argazkia: ANkerkeria Stop.

Mobilizazio jendetsuak egin dituzte Gasteizen, Amurrion eta Agurainen, Barbado eta Zelaiaren aurkako “ankerkeria” salatzeko. Bi gazteek edozein unetan jaso dezakete espetxeratze agindua. Horren aurrean, bi gazteen inguruan elkartasuna antolatzeko jaio zen ANkerkeria Stop ekimenetik, “elkartasun sareak” ehuntzen jarraitzeko asmoa berretsi dute mobilizazioetan. Gasteizen hitza hartu dute ekimenaren bi ordezkariek. Salatu dute Ertzaintzak egindako txostenak direla bi gazteak auzipetu eta kondenatzeko oinarria, Madrileko salbuespen epaitegietan epaitu dituztela, eta Auzitegi Nazionalaren sententzia jakin zenetik bizitza normala egin ezinik daudela Barbado eta Zelaia. “2023 urtean gaude”, azpimarratu dute, bi gazteen aurkako jazarpena tokiz eta denboraz kanpo dagoela nabarmentzeko.

Gorenak edozein unetan jakinarazi dezake ebazpena, eta aukeretako bat da bi gazteak espetxera kondenatzea. Arrisku horren aurrean “adi egotera eta erantzutera” deitu du Ankerkeria Stopek.

Erantzuna antolatzeko helburuarekin, Gasteizen asanblada irekia antolatu dute maiatzaren birako, Judimendi auzoko SUmendi Espazioan

Gorenaren ebazpena

2021eko otsailean Auzitegi Nazionalak lau urteko espetxe zigorra eta hamar urteko inhabilitazioa ezarri zien Barbado eta Zelaiari, "helburu terroristarekin lehergailuak egiteko elementuak gordetzea" leporatuta. Defentsek zein fiskaltzak helegiteak aurkeztu zituzten: Fiskaltzak zortzi urteko espetxe zigor eskaeran berretsiz; gazteen defentsek absoluzioa eskatuz.

Asteazkenean helegiteak aurkeztu ditu Epaitegi Gorenak, eta erabaki dezake Auzitegi Nazionalak ezarritako zigorra igotzea, mantentzea, zein bi gazteak absolbitzea.

 

 

 

 

Gasteizko mobilizazioa: Argazkia: Hala Bedi

 

 

 

 

 

 

Amurrioko mobilizazioa. Argazkia: ANkerkeria Stop.