argia.eus
INPRIMATU
Ehunka faxistak indar erakustaldia egin dute berriro Erromako kaleetan
  • Urteroko elkarretaratzea egin du Italiako eskuin muturrak urtarrilaren 7an. 1978an tiroz hil zituzten hiru militante faxista omendu eta aitzakia horrekin faxismoa goratu dute.

Leire Artola Arin 2022ko urtarrilaren 10
1978ko urtarrilaren 7an hildako hiru militante faxista omentzen dituzte ehunka neofaxistek. / Argazkia: Alba Sideraren bideotik.

Urtarrilaren 7a egun garrantzitsua da Italiako neofaxistentzat. Urtero hartzen dituzte hainbat hiritako kaleak 1978an tiroz hildako hiru militante faxista omentzeko, baina, batez ere, faxismoa goratzeko eta indar erakustaldia egiteko, zigorgabetasun osoz.

Alba Sidera kazetariak Twitter bidez zabaldutako bideoan ikusten dira ehunka pertsonak egindako oihu eta agur faxistak. Inolako ondorioren beldurrik gabe altxatzen dituzte besoak Italian, eta harro erakusten dituzte esbastikak, Mussoliniren irudiak eta nazien hainbat ikur.

CasaPound talde neofaxistak antolatzen ditu martxa paramilitar horiek Erroman, eta urtarrilaren 7ko data baliatzen dute hiria hildako hiruren kartelez betetzeko, pintaketa faxistak egiteko, eta indarkeria erabiltzeko inpunitate osoz. Besteak beste, kazetarien aurkako erasoak ugariak izan ohi dira egun horretan, polizien aurrean, inolako ondoriorik gabe. Elkarretaratzeetan parte hartzen dute estatuko talde neofaxista nagusiek, hala nola Forza Nuovak eta Avanguardia Nazionalek.

1978ko hilketen urteurrena ospatzen dute urtarrilaren 7an. Egun hartan tiroz hil zituzten Erroman bi militante faxista, Italiako Gizarte Mugimendu faxistaren (MSI) egoitzatik ateratzen ari zirenean. Ordu batzuk geroago hil zuen hirugarrena Poliziak, tiroz, protesta batzuetan. Urtarrilaren 7an Erromako Gualtieri alkate demokratak hildakoak oroitu ditu udaletxean.