argia.eus
INPRIMATU
Ehunka euroko isunak jaso dituzte bi altsasuarrek, Ospa mugimenduaren aurkako ikerketa salatzeagatik
  • Militante politikoen aurkako errepresioa salatzearekin batera, abuztuaren 29ko Ospa Egunean parte hartzera deitu du mugimenduak, "buroerrepresioarekin eta Guardia Zibilak, indar errepresibo guztiekin batera, suposatzen duen birus nazkagarri horrekin" amaitzeko.

Gedar @GedarLangileKZ 2020ko uztailaren 22a

Iazko Ospa Egunaren harira, Ospa mugimenduaren aurkako ikerketa bat martxan zegoela salatu zuten Altsasuko (Nafarroa) mugimenduko kideek, eta haietako biri ehunka euroko isunak iritsi zaizkiela jakinarazi berri dute. "Beste behin ere, Altsasuko militante politikoek errepresio ekonomikoaren kolpea jasan dute", adierazi dute ohar batean; "beste behin ere, Guardia Zibilaren kuartel-gotorleku okupatzaile eta arrotzetik".

Iazko Ospa Eguna gertutik jarraitzeko agindu zien Espainiako Auzitegi Nazionalak errepresio indarrei, eta ondoren, Iruñeko (Nafarroa) Auzitegi Probintzialaren esku utzi zuen ikerketa, "gorroto delitua" egon zitekeelakoan.

"Ez da berria", bai "oso mingarria"

Ospa mugimenduak ohartarazi du errepresio modu hori ez dela "berria" militante politikoentzat; "Azken urteetan, hamarnaka mila euro jaso dira isun politikoen bidez". Buroerrepresio gisa izendatu duten hori beste errepresio forma batzuk bezain "agerikoa" izan ez arren, "euskal langile klasearentzat duen eragina oso mingarria" izan daitekeela adierazi dute: "Are gehiago, gure klasea (Euskal Herrian zein mundu mailan) sufritzen ari den proletarizazio eta pobretze egoera kontuan harturik".

"Buroerrepresioarekin eta Guardia Zibilak, indar errepresibo guztiekin batera, suposatzen duen birus nazkagarri horrekin bukatzeko", abuztuaren 29ko Ospa Egunean parte hartzeko deia egin dute.

2020 urteko Ospa Eguneko kartela.