argia.eus
INPRIMATU
Ehunka enpresa batzorde batu dira maiatzaren 30eko grebara
  • Maiatzaren 30eko grebarako deialdia egin duten sindikatuek –ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, HIRU, CGT eta CNT– adierazi dute ehunka enpresak egin dutela lanuztearen deialdiarekin bat.

Lide Hernando @lidehernando 2013ko maiatzaren 27a

Lehenbiziko datu bilketaren ostean, 600 enpresatako batzordek baino gehiagok eman diote bermea grebari, eta kopurua egunetik egunera handitzen doa. Atxikimendu horiekin, “bistakoa da langileriak erreforma eta inposizioen aurrean protesta egitea beharrezko ikusten duela”, esan dute sindikatuetako bozeramaileek.

Sektore publikoari dagokionez, eragile askoren bermea jaso dutela gaineratu dute: Hezkuntzako, Osasun saileko, Administrazio orokor eta lokaleko eta Gizarte Zerbitzuetako langile, enpresa eta sindikatu batzordeek erakutsi dute atxikimendua.

Orain arte bildutako datuak “oso baikorrak” direla adierazi dute. Greba “arrakastatsua” espero dute, “sektorez sektore, eta eskualdez eskualde, atxikimenduak egunero gehitzen ari direlako, enpresa txiki eta ertainak barne”.

Maiatzaren 30eko greba “murrizketen kontrako eta eredu sozial propio baten aldeko aldarri orokorra” izatea espero dute, baita kaleak jendez betetzea ere.

Webgune honetan grebaren inguruko informazio interesgarria aurki dezakezue.