Nazio Batuen Erakundeak adierazi duenez, Goma hiria hartu ondoren hango espetxe batean zeuden ehunka emakume bizirik erre zituzten M23ko matxinoek, eta denak hil. Herrialdearen ipar ekialdean borrokan diharduten talde armatuek sexu indarkeria "arma gisa" erabili dutela ere salatu du NBEk.
Kongoko Errepublika Demokratikoa Egonkortzeko Nazio Batuen Misioaren buru Vivian van de Perrek The Guardian egunkariari salatu dioenez, M23 Kongoko talde armatuak Goma hiriko espetxe batean zeuden ehunka emakume bortxatu eta hil zituen urtarrilaren 27an, hiria bereganatu ondoren: "Milaka gizonek kartzelatik ihes egitea lortu bazuten ere, emakumeentzako moduluari su eman zioten matxinoek".
Bestalde, OCHA Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatarioak astelehenean ohartarazi zuen Goma hirian borrokan aritu diren talde armatuek sexu indarkeria ere arma gisa erabili dutela. Kongoko Errepublika Demokratikoko armadak amore eman ondoren, M23k hartu zuen herrialdeko Ipar Kivu eskualdean dagoen Goma hiriaren kontrola, eta OCHAren arabera 900 lagun hil zituen borroka horietan.
Asteartean aldebakarreko su etena iragarri ondoren, matxinoek borrokan jarraitzen dute Kongoko ipar ekialdean, eta sare sozialetan argitaratu diren hainbat bideok erakusten dutenez, Hego Kivu eskualdean aurrera egin ostean, 250.000 biztanle dituen Bukavu hiritik 40 kilometrora daude.