Gipuzkoako ehungintzako langileek greban jarraituko dute larunbata arte gutxienez, sektoreko hitzarmena negoziatzeko patronalak erakutsitako jarrera makurra dela-eta. Nafarroan, La Morea merkatal zentroko H&M saltokiko langileak ere greba mugagabean dira abenduaren 9az geroztik, 2009tik soldatak izoztuta dituztela salatzeko.
Urtarrila beherapenen eta eskaintza berezien garaia izan ohi da saltoki askotan, baina ehungintzako langileei ez zaizkie lan-baldintzak ezertarako aldatu eta jarraitzen dute lanegun partzialak egiten eta soldata eskasak jasotzen. Joan den abendutik borrokan ari dira sektore feminizatatu horretako beharginak, euren eskubideak aldarrikatzeko.
Gipuzkoan, abenduaren 28an hasi zuten greba ehungintzako langileek eta larunbata arte iraungo du gutxienez. ELA sindikatuak sektoreko patronala kritikatu du, Gipuzkoako Merkatarien Elkartea, baita Adegi ere, 2.700 langileri eragiten dien lan-hitzarmena ez dutelako berritu eta, ondorioz, langileek baldintza prekariotan egiten dutelako lan, "behin-behinekotasunaren desorekak" jota. KPIaren araberako soldata igoera eskatzen dute ehungintzako langileek, eta partzialtasunarekin amaitzea.
ELAko ehungintzako ordezkari Amaia Pintadok Berria egunkariari azaldu dionez, abenduaren 15etik sindikatuak eta bi patronalak ez dira bildu hitzarmenaren inguruan hitz egiteko eta azken horiek negoziazioa "blokeatzen" ari dira.
Grebaren jarraipen daturik eman ez duen arren eragin handia izaten ari dela ziurtatu du ELAk –ordezkaritzaren gehiengoa du alor horretan Gipuzkoan–, eta hainbat saltoki guztiz itxita daudela.
Gipuzkoan soilik ez, Nafarroan ere borrokan ari dira La Morea merkatalguneko H&M-ko 18 langileak abenduaren 9az geroztik. Azaldu dutenez, langileek 1.000 euro baino ez dituzte kobratzen zortzi orduko lanaldiagatik, eta 500 euro lanaldi erdian badabiltza. Nafarroako eremuko enpresa hitzarmen bat negoziatzera behartu nahi dute langileek enpresako zuzendaritza, baina oraindik ez da bildu grebalariekin
Ehungintzako sektorean soldatak 2009tik izoztuta daude eta ELAk egindako kalkuluen arabera erosteko ahalmenaren %17 galdu dute orduz geroztik.