ELB sindikatuak eta Lurzaindiak ekainaren 23an hasi zuten Arbonako lursailaren okupazioa. Traktoreen martxa bezalako hainbat ekintza antolatu dituzte ordudanik lurren espekulazioa salatzeko. Hurrengo deia uztailaren 15erako egin dute.
Ipar Euskal Herritik hurbildutako ehundik gora traktorek martxa antolatu dute Arbonan ELBk eta Lurzaindiak okupaturiko lurretatik hasita. Uztailaren 13an, Biarritzerako bidea egin dute ibilgailuek, eta aireportu inguruak hartu dituzte, Arbona, Bidarte eta Angelura doazen bideak kolapsatuz.
“Hazten gaituen lurra zain dezagun” lelopean, lurren espekulazioa salatzeko elkartu dira laborariak. Pausu garrantzitsua izan bada ere, helburua lortu arte, okupazioak jarraitu egingo duela adierazi dute antolatzaileek. Okupazioaren osteko hogeigarren egunean baratzea egiten hasi dira Arbonan. Datozen egunetarako, berriz, beste hainbat ekintza antolatuko dituzte: hurrengo deia uztailaren 15erako egin dute, arratsaldeko 19:00etan.
Arbonan hamabost hektareako lurra eta bertan dagoen etxea hiru milioi euroan saldu nahi dizkiote suitzar erretreta bati. Frantziako Abeltzaintza Sailak kudeatzen duen Safer konpainiak prezioa gehiegizkoa dela aitortu du: 100.000 euroan ezarri dute bere benetako balioa. ELBk eta Lurzaindiak lurren espekulazio kasu berria dela esan dute, eta ekainetik hainbat laborarik eremua okupatu dute hori salatzeko eta lurrak babesteko neurriak eskatzeko.
Uztailaren 13ko goizean, ELBko kide eta laborari Maryse Cachenaut-ek azaldu du zaila izango dela bi aldeak akordio batera heltzea: “Saiatu gira negoziatzen haiekin, baina hor ere biziki konplikatua da, zenta saltzailea Suitzan bizi da, baina ez gira zuzenki berarekin harremanetan sartzen ahal. Euskal Elkargoko lehendakariak proposatzen zuen negoziatzea, baina ez du lortu bilkura bat antolatzea saltzaile eta erosleen artean”. Hainbat laborarik Naiz hedabideari adierazi diotenez, uztailaren 20an amaituko da salmenta egiteko epea, eta erosleak “denbora irabazi nahian ari dira”, bilera posible bat atzeratuz.
Gainera, Arbonako lurrak ez dituzte laborantzarako erabiliko, eta ELBk kritika egin dio erabaki horri ere: “Iparraldea elikadura autonomiatik urrun da, eta laborantza lurren babestea lehentasunetan ezarri behar da”. Mota honetako salmentekin lurrak laborariengandik “ebatsi” egiten direla salatu dute, eta ekiditeko, Arbonako lurrak eta etxea banatuta saltzeko eskatu du erakundeak. Horrela, lursailaren salmenta Saferrek kudeatu lezake, eta nekazaritzako erabiliko direla ziurtatu.
Ipar Euskal Herrian asko dira laborantzarako erabiltzen diren lurren espekulazio kasuak. Kazeta.eus komunikabideak horietako hainbat ekarri ditu gogora: Urruñan, 440.000 eurotan saldu zuten hamazortzi hektareako lursail bat; Bidarrain, 600.000 euro eskatu zituzten hamasei hektareako lursail batengatik; eta Donibane Lohizunen, 6.260.000 eurotan saldu zuten hamazortzi hektareako lur zatia.